Odol Emaileen Nazioarteko Eguna

Odol emanaldi gehien emandakoak omendu dituzte

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 14a, 11:42

Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak 25, 40, 50 eta 75 emanaldiko ekarpena egin duten herritarrak omendu ditu, emaile berriei ere egitasmoan parte hartzeko gonbita luzatzearekin batera.

Odol Emaileen Nazioarteko Eguna astelehen hau, ekainaren 14a. Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak hain zuzen, asteburuan omendu ditu emanaldi kopuru zehatz batera heldutako herritarrak: odola 25 aldiz eman duen Jon Mikel Arizmendi Zabala, 40 aldiz emandako Yolanda Urdangarin Aizpurua (ondoko argazkian), 50 aldiz emandako Jose Bautista Oliva eta 75 aldiz emandako Martxelo Sanchez Blazquez. Oroigarri bana jaso dute.

Odol emaileak eskertu nahi ditu Usurbilgo aipatu bilguneak, emaile berriak gauza bera egitera gonbidatzearekin batera. Bizitzeko odola beharrezkoa dugu eta. Gurea edo bizitzako uneren batean beste batek eman dakigukeena. Azken asteotan Euskadiko odol emaileek A+, O- eta A- odol “stock”-a indartzeko deia egin dute, alegia, aipaturiko odol motetako bat dutenak ematera deitu dituzte, urte luzez hainbat lagun egiten ari den moduan.

Gogoan izan, Usurbilgo datorren odol ematea, uztailaren 5ean izango da Udarregi Ikastolan, arratsalde partean. Aldaketarik ez bada, orain arteko saioetan bezala, aurretik odola eman izan dutenei hitzordua zehazteko deituko zaie. Odola estreinakoz eman nahi dutenek aldiz, hitzordua eskatu ahalko dute 943 007 884 telefono zenbakira deituta.

Usurbilgo Odol Emaileen taldetik 18 urte beteta dituzten herritar guztiak animatu nahi dituzte odola ematera.

Odola emateko bete beharreko baldintzak
-18-65 urte artean izatea.
-50 kilotik gora pisatzea.
-12 urte baino lehenago hepatitisa izan, kolesterol maila altua izan, baraurik egon ez edota ohiko botikaren bat hartzen baduzu ere, odola eman dezakezu.
-Emakumezkoek urtean gehienez hiru aldiz eman dezakete odola, gizonezkoek gehienez lautan. Odol emate baten eta hurrengoaren artean, gutxienez bi hilabeteko tartea igarotzen utzi beharra dago.