Udajolasen HHko gurasoekin bilera egin zuten atzo, eta gaur bi saio LHkoekin

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 15a, 08:20

Dozenaka guraso hurbildu dira astelehen honetan Udajolaseko HHkoen bileran, datorren hilean haurrekin egin beharreko jarraibideak nolakoa izango diren jakiteko. Gaur (ekainak 15) LHko gurasoen txanda izango da. 

 

Udajolasen uste baino izen-emate handiagoa izan da aurten, eta pandemia garai honetan neurriak hartu beharra dago. Aurtengo Udajolasen funtzionamendua izan dute hizpide astelehen honetan Sutegin, HH-ko ikasleen gurasoekin: haurrak non eta zein ordutan utzi, noiz bila joan, talde txikien antolakuntza, begiraleen antolaketa...

Udajolasen izena eman zutenek datozen udaleku irekiei buruzko argibideak jasotzeko aukera izango dute egunotan, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak egunotarako antolatu duten bilera errondari esker. Gurasoei zuzenduriko saiook Sutegin egiten ari dira, oraindik gainditu ez dugun osasun krisialdia tarteko, ohiko prebentzio neurri artean. 

2019ra arte egiten zen moduan, bilera bakarra egin ordez, hiru saio antolatu dituzte aste hasiera honetarako. Astelehenean, Udajolasen izena emana duten HH-ko haurren gurasoekin bildu da antolakuntza. Astearte honetan, LH-koekin. Lehen ziklokoekin (LH 1,2,3) saio bat eta bigarrenekoekin (LH 4,5,6) beste saio bat iragarri dute. Segidan dituzue hitzorduon xehetasunak.

Ia 190 parte hartzaile
HH3-LH6 maila artean ikasten duten 4-12 urte arteko 200 lagunentzako lekua zegoen, eta ia plaza guztiak bete ziren inskripzio aldian. Ia 190 izen emate batu dituzte aurtengo udaleku irekiek.

Gogoan izan, Udajolas uztailaren 5etik 30era antolatu dutela NOAUA! K.E.-k eta Udalak. Egunero, astelehenetik ostiralera, goizez eta lau orduz eskainiko da zerbitzua; 9:30-13:30 artean. Iazkoaren ildo beretik, aurtengo edizioa ere pandemiak baldintzaturikoa izango da. Covid19ari aurre egiteko prebentzio neurri artean bideratuko da aurtengo Udajolas. 

Udajolasi lotutako guraso bilerak Sutegin
Ekainak 15, asteartea
17:00 LH 1,2 eta 3 mailetako ikasleen gurasoentzat.
18:15 LH 4, 5 eta 6 mailetako ikasleen gurasoentzat.


Deitzaileak: NOAUA! K.E., Usurbilgo Udala.