Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, ekaitza lehertu daiteke astearte arratsalde honetan. Abisu horian izango gara arratsaldeko 18:00etan hasi eta gauerdira arte. "Zaparrada ertain eta trumoitsu batzuk bota ditzake; zenbait lekutan handiak izan daitezke eta txingorra bota dezake, bereziki barnealdean. Ekaitz-guneetan haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izan ditzakegu", iragarri du Euskalmet-ek.
Asteazkenerako aldiz, inguruotara hel daitekeen enbatagatik abisu horia ezarri dute, 15:00etan hasi eta 20:00ak arte. "Haizeak kostaldean bat-batean eta zakar mendebal-osagaira egin dezake. Haize-boladak 60-90 km/h ingurukoak izan daitezke. Ez da baztertzen haizearen norabide aldaketa ekaitzak sartzerakoan gertatzea; horren eraginez haize-boladak gogorragoak izan litezke".
Ekaitz giroko egunak
Giro honetan, astearte honetan Usurbilen, "zerua hodei gutxirekin egongo da, egunaren bigarren partean tarte hodeitsuren batekin. Mendebal-osagaiko haizea ahul-bizi ibiliko da eta arratsaldean ipar/ipar-mendebaldera aldatuko da. Tenperatura maximoetan, aldaketarik ez".
Asteazkenean, "zerua tarteka hodeitsu agertuko da. Baliteke zaparrada ertain eta trumoitsuak botatzea, probabilitate handiagoarekin egunaren bigarren partean. Hego-osagaiko haizea ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin, eta goizaldean eta goizean goiz oso gogorrekin. Arratsaldean haizea mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da ahul-bizi. Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igoko dira. Tenperatura maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".
Euri kontuak ostegunean. "Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Euri txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina eta trumoiak joko du; prezipitazioa ugariagoa izango da egunaren bigarren partean. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogor batzuekin. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira. Tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira".
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus