Gipuzkoako minbiziaren aurkako elkartekoak plazan

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 16a, 11:33

"AECC Gipuzkoa", bestela esanda, herrialde mailako minbiziaren aurkako elkarteak informazio postua kokatu du asteazken goizean Mikel Laboa plazan.

Sentsibilizazioa sustatu eta bazkide berriak erakartzeko postua jarri du asteazken goiz honetan Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak Mikel Laboa plazan, "Zuregatik-minbiziaren aurka" aldarripean. 33 urteko ibilbidea jorratua duen bilguneak egun 13.476 bazkide ditu eta 980 bolondres. 1.270 gipuzkoar artatu dituzte. Hasieratik helburu beraren bueltan lanean dihardute; "minbizia duten pertsonen bizi kalitatea hobetzea".

Eta horretarako hainbat baliabide eskaintzen dituzte; "paziente eta senideentzako arreta psikologikoko eta laguntza sozialeko doako zerbitzuak ditugu. Harrerako etxebizitza bat dugu, laguntza eskaintzen dugu, ikerketa-proiektuak finantzatzen ditugu, kontzientziazio kanpainak egiten ditugu...".

Hori guztia, elkartetik nabarmentzen dutenez, bazkideei esker izaten da. "Egindako ekarpen solidarioekin, lurraldean gure zeregina garatzen eta minbiziaren kontrako borrokan aurrera egiten jarrai dezakegu". Bazkidetza ordainduz, edo bolondresa izanez lagundu daiteke asteazken honetan Mikel Laboa plazan kokatu duten postuan zabaldu duten informazioaren arabera. 

Elkarteak Gipuzkoan zehar 6 eskualdeetan egoitza bana badu ere, Usurbildik gertuen honako hauek daude:
AECC Gipuzkoa
Barcelona hiribidea, 6
Donostia
943 457 722

Zarautz
Urola kosta
Balea kalea, 2
943 133 236

24 orduko doako arreta zerbitzua: 900 100 036.
Informazio gehiagorako: gipuzkoa.aecc.es