Ekaitz giroa egunotan, abisu horian izango gara

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 16a, 08:00

"Prezipitazio handiagatik" abisu horia ezarri dute asteazken eta ostegun honetarako.

Egunotako bero itzelaren ondotik, ekaitz giroa datorkigu. Hala dio behintzat, Euskalmet meteorologia agentziaren iragarpenak. "Prezipitazio handiagatik" abisu horian izango gara egunotan. Asteazken honetan, arratsaldeko 15:00etan hasi eta 21:00ak arte. "Baliteke ordubetean 15 l/m² baino gehiago pilatzea. Zaparrada ertain eta trumoitsuak botako ditu; zenbait lekutan handiak izan daitezke eta txingorra bota dezake. Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke", ohartarazi du Euskalmet-ek.

Ostegunean ere abisu horian berriz, eguerdiko 12:00etan hasi eta eta gauerdira arte. Eta gaur baino euri zaparrada mardulagoak izan ditzakegu. "Baliteke ordubetean 20 l/m² baino gehiago pilatzea. Euri txiki-ertaina egingo du; baliteke zenbait lekutan trumoi-ekaitzak jotzea, zaparradak handiak eta prezipitazioa iraunkorra izatea, bereziki arratsaldean", aipatu meterologia agentziaren arabera. 

Usurbilen...
Abisuok aintzakotzat hartuta, asteazken honetan Usurbilen, "zerua tarteka hodeitsu agertuko da, bereziki egunaren bigarren partean. Zaparrada ertain eta trumoitsuak botako ditu, probabilitate handiagoarekin egunaren bigarren partean eta orduan baliteke zenbait lekutan handiak izatea eta txingorra botatzea. Hego-osagaiko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin egunaren lehenengo partean. Arratsaldean mendebal/ipar-mendebaldera alda daiteke eta ufada gogorrak izan daitezke. Ekaitz-eremuetan haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke. Tenperatura maximoak nahikoa edo asko igoko dira".

Ostegunean (ekainak 17), "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Goizetik aurrera euri txiki-ertaina egingo du; zenbait lekutan zaparradak handiak, trumoitsuak eta iraunkorrak izan daitezke, bereziki egunaren bigarren partean. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoak asko jaitsiko dira".

Ostiralean ere euri kontuak. "Zerua tarteka hodeitsu egongo da. Egunaren bigarren partean baliteke zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botatzea. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da eta arratsaldean ipar-osagaitik finkatuko da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus