Beterri Saretuz programaren azken saioa ostegunean Astigarragan

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 16a, 17:47

Beterri-Buruntza eskualdeko enpresa eta eragileak biltzen dituen Beterri Saretuz programaren azken saioa egingo dute ostegunean Astigarragan 9:30etatik 12:30 bitarte. Erronka berriak zein diren eta aurrera begira nola antolatuko diren aztertuko dute.

Beterri-Buruntza eskualdeko enpresa komunitarioak, hezkuntza eragileak eta erakundeak biltzen ditu Beterri Saretuzek eta otsailean ekin zioten ikasturteko programari, herriz herriko sei hilabeteko egitarauarekin. Beharrak asetzeko saioak egin dituzte, ahalduntzea eta zaintzaren ingurukoak besteak beste, interkooperazioa ere landu dute eta beste eskualdeetako esperientziak ezagutu. Horrez gain, enpresa eta eragileen artean harremana sendotzeko bilkurak antolatu dituzte.

 

Programa 2019ko azaroan abiatu zen Hernaniko Oronan, eta Gipuzkoako Aldundiak eta Beterri-Buruntza Udalek lagunduta ekin zioten enpresa parte-hartzaileen ekosistema sortzeari. Azken urteotan Beterri Saretuzek egin duen lan garrantzitsuenetako bat, enpresa komunitario eta eragileen elkar ezagutza bultzatzeaz gain, langileak enpresetan parte hartzeko eta lurraldean inplikatzeko gida bat sortzea izan da, hainbat gako jorratuz: formazioa, pertsona erdigunean jartzea, elkartasun balioen sustapena, ahalduntzea, alderdi finantzario eta fiskala, eta aitortza. Iaz aztertu zuten ekonomia sozialeko enpresak zein egoeratan zeuden pandemiaren eraginez, eta ondorioztatu zuten zailtasunei aurre egiteko garrantzitsuak izan direla gako horiek.