Abisu horian segiko dugu gaur ere 21:00ak arte

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 19a, 08:07

"Prezipitazio handiagatik" abisu horian izango gara larunbat iluntzeko 21:00ak arte.

Egunon tankera beretsuan, abisu horian segiko dugu larunbat honetan zehar ere "prezipitazio handiagatik". Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, arratsaldeko 21:00ak arte. "Baliteke 15 l/m² baino gehiago pilatzea ordubetean. Zaparrada ertainak botako ditu; baliteke zenbait lekutan trumoi-ekaitzak jotzea, zaparradak handiak izatea eta txingorra botatzea. Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke", aipatu meteorologia agentziatik ohartarazi dutenez. 

Usurbilen honenbestez, larunbat honetan (ekainak 19), "zerua tarteka hodeitsu agertuko da. Zaparrada ertain eta trumoitsuak bota ditzake, txingorra bota dezake eta baliteke noizbehinka handiak izatea, probabilitate handiagoarekin goizean goiz eta arratsaldean. Norabide aldakorreko haizea ibiliko da, hego-osagaia nagusituz; arratsaldean ipar-osagaira aldatuko da. Ekaitz-guneetan haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke. Tenperatura maximoetan, aldaketarik ez".

Bihar (hilak 20), hobetzera egingo du nabarmen egunaren lehen zatian, gero euritara jo dezake berriz. "Zerua partez hodeitua egongo da, tarteka hodeitsu. Arratsalde-gauean baliteke zaparrada ertain eta trumoitsuak botatzea. Hego-mendebaldeko haizea ahul-bizi ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Arratsaldean baliteke haizea iparraldetik finkatzea. Tenperatura gutxi igoko da".