Iazko azaroan irten ziren espetxetik baldintzapean aske. Inguru hurbiletik NOAUA!ri heldu zaion ohartarazpenean argitu duten moduan, "besteok bezain aske" dira larunbat honetatik (ekainak 19) Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herritarrak. Goizean kendu dizkiete orain arte jarriak zituzten pultsera telematikoak, ezarria zieten 12 urteko kondena bete ostean.
2009ko ekainean atxilotu eta espetxeratu zituzten Lasagabaster eta Uranga. Ordutik ezarri zieten zigorra espetxe ezberdinetan bete ostean, iazko azaroan baldintzapean aske utzi zituzten. Madrilgo Aranjuezeko kartzelan ziren orduan. Azaroan kalera irteteko asteburu bateko baimena eman zieten. Usurbilen igaro ahal izan zituzten hiru egun; ez zuten gero Aranjuezera itzuli beharrik izan, Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Orokorrak bi herrikideak Martutenera kartzelaz aldatzea erabaki zuelako.
Asteburu haren ostean, Usurbilen Nahi Ditugu eta Sare taldeek berri eman zutenez, Olatzek eta Patxik Martuteneko espetxean aurkeztu zuten euren burua. Baina Olatzek ez zuen gehiago espetxera itzuli beharrik izan, pultsera telematikoa jarri ziotelako. Patxik bai, astean lau gau, astelehenetik ostegunera Martuteneko kartzelan igaro beharra agindu zioten. Urte hasierara arte. Urtarrila amaieran Olatzi bezala Patxiri ere pultsera jarri eta ez zuen gehiago Martuteneko espetxera lotara itzuli beharrik izan.
Eskubide urraketa anitz pairatutakoak
Gogoan izan, egun espainiar estatuan indarrean den legedia kontuan izanda, 2018ko ekainetik baldintzapean aske behar zuten bi herritarrek. 2020ko azaroan baimendu zieten ordea espetxetik irtetea. Urteotan bi herritarrok eta haien senide eta lagunek pairatutako eskubide urraketetako bat da, baina ez bakarra.
Egunerokoa izan baita espetxe barruan nahiz kanpoan oinarrizko eskubideak betearazteko bideratu behar izan duten borroka. Eskubide urraketetan ezagunena, Xuarekin bizitakoa. 2017ko urtarrilaren 19an jaio zen Xua. Orduan Olatz eta Patxi Valentziako Picassenteko espetxean ziren. 3 urte betetzen zituenean, gurasoengandik bereiztea saihesteko Lasagabaster eta Urangaren Usurbil, Orio eta Zarautz aldeko senide, lagun eta herritarrek "Xua Gurasoekin Etxera" herri plataforma osatu zuten duela bi urte, 2019ko ekainean.
Hainbat ekimen bideratu zituzten eskaera nagusi baten bueltan; ordurako kalean behar zuen familia ez bereiztea eta haien etxeratzea eskatzea. Hainbat manifestazio, mobilizazio egin zituzten. Abestia sortu, elkartasun materiala saldu... Erakundeen babesa jaso zuten, Batzar Nagusietakoa, Usurbil nahiz Orioko udalbatzena. Arartekoarengana ere jo zuten.
Xua Gurasoekin Etxera herri plataformak dinamika indartu zuen urtarrilaren 19ra begira; Xuak hiru urte betetzen zituen Donostia Egunaren bezpera hartan eta gurasoengandik bereiztekoak ziren. Hori ez gertatzeko hainbat ekimen burutu ziren hilabete haietan aipatu moduan; eguna heldu zen ordea eta urtarrilaren 19an Xuak amonarekin Usurbila etorri behar izan zuen, gurasoengandik 600 kilometrotara. Egun hartan, urtebetetzeagatik zorion mezu maitakor eta besarkada uholdea jaso zuen Xuak Donostiako Anoetan antolatu zen ekitaldi jendetsuan nahiz iluntzean Usurbilen, euskal presoak euskal herriratzeko Zubiaurrenea 2ko muralaren parean egin zen talde argazkian ere.
Pandemiak egoera okertu zien
Xua gurasoengandik bereizi berritan heldu zen, egoera are gehiago zailduko zuen covid19ak eragindako pandemia. Eta pandemiarekin are isolamendu gogorragoari aurre egin behar izan zieten Valentziako Picassentetik Madrilgo Aranjuezera heldu berri ziren Olatzek eta Patxik. Haien artean komunikazioak etenda, ezin Xuaren eta senideen bisitarik jaso hilabete luzez. Uda amaieran salatu zutenez gainera, alaba Xuarekin bideodeiak egitea ukatu zieten Olatz, Patxi eta iazko udan bertan jaio zen Maddi txikiari.
Senideen arteko hartueman gertukoena bermatzea eskatu zioten Usurbilgo 3 udal taldeek (EHBildu, EAJ, eta PSE-k), gutun bidez Aranjuezko espetxe zuzendaritzari.
Egoera zeharo aldatu eta hobetzen hasi zen, azaroa hasieran Aranjuezko espetxetik irtetea baimendu zietenean.