"Gazte eztanda" topaketak

"Nazkatu gara, gazteok eztanda egin dugu"

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 19a, 13:25

Eskualde mailako agerraldiarekin borobildu dituzte Hernanin, "Gazte eztanda" izeneko egunotako topaketak. Covid19ak lehendik zeuden "krisi anitzak areagotu" dituela ohartarazi dute. "Sistema kapitalista heteropatriarkal honek lehendik eragindako krisi anizkoitza lehertu du", salatu dute. 

Harremantzea debekatu, kultur esparruak ukatu, presiopean eta baliabide mugatuekin ikasi beharra, kontrol soziala kalean, indarkeria poliziala, atxiloketak eta isunak, lan baldintza prekarioagoetan lan egin beharra lana dutenek, langabezia tasa altuena baitute, emantzipatu ezinean, indarkeria matxistaren areagotzea, baita antsietate eta depresio kasuena...

Gazteak jo puntuan izan eta ahotsa kendu zaiela salatu dute pandemia honetan, egunotako Buruntzaldea mailako "Gazte eztanda" topaketak amaitzeko parte hartzaileek (tartean Usurbilgoek) larunbat goiz honetan Hernanin egin duten agerraldian.

"Ezin dugu beste aldera begiratu, larrialdi egoeran jarraitzen dugu gazteok". Eta horren aurrean isilarazi nahi den belaunaldi oso baten beharrak azaleratu dituzte. "Nazkatu gara, gazteok eztanda egin dugu", adierazi dute Hernaniko agerraldian. "Baina guk ez dugu etsiko. Sentitzen dugun nazka, haserre, eta amorru hori borroka bihurtuko dugu", iragarri dute eta "sistema kapitalista heteropatriarkal honen aurka elkartzen jarraituko dugu, zaintza erdigunean jarriz, espazioak sortu eta eragileen arteko sareak eraikitzen. Orain inoiz baino gehiago, gazteon beharrak erdigunean jarri eta aldarrikatzeko tresna propioak sortzeko garaia da. Gure izenean gehiago hitz egin ez dezaten, gurea den ahotsa berreskuratzeko unea da". 

Argi utzi dute, "ahotsa kentzen badigute, oihu egiteko moduak aurkituko ditugu". 



"GAZTE EZTANDA" TOPAKETEN AMAIERAKO AGERRALDIA
Covid19ak kolpatu du gizartea, jada gurean zeuden krisi anitzak areagotuz. Egoera honetan gazteak izan gara jopuntuan jarri gaituztenak, osasunaren izenean kriminalizatuak izan garenak. Gure herriko kaleetan kontrol soziala ikusi dugu, indarkeria poliziala, komunikabideen gezurrak, atxiloketak, isunak.. Gutaz hitz egin dute, baina galdetu al digute nola gauden, zein behar ditugun? Ahotsa kendu digute, beraien interesen arabera jokatzeko. Gure beharrak mahaigaineratzeko garaia da, gazteon egoera erreala azaleratzekoa. Nazkatu gara, gazteok eztanda egin dugu.

Osasun krisia diote, baina argi dugu esparru ezberdinak ukitu dituela, gure gorputzak zeharkatu dituela modu batera edo bestera. Sistema kapitalista heteropatriarkal honek lehendik eragindako krisi anizkoitza lehertu du. Harremantzea debekatu digute, sozializazioa zigortu eta harreman motak aldatu. Sozializatzeko moduak ziren kultur esparruak ere ukatu dizkigute, seguruak ez izatearen aitzakiapean. 

Ekintza kulturalak sortzea oztopatu, gaztetxe eta aisialdi guneak itxiarazi, eta aldiz, ez digute inongo alternatibarik eskaini. 

Gazteok gara langabezia tasa altuena dugunak, jada lan prekarioetan geunden eta egoera honek okerrera eraman gaitu. Hiru gaztetik bat langabezian gaude, kontratu gabeko lanetan jarduten dugu eta esplotatuak. Zaintza krisia ere azaleratu da, ahaztu gabe eremu hauetan emakume migratuak direla gehiengoa eta baita neska* gazteok ere. Lan prekarioetan eta emantzipatzeko ezintasunez aurkitzen gara eta ikasleok ikasketak modu ez osasuntsu eta penagarri batean eraman behar izan ditugu, presiopean eta baliabide mugatuekin.

Ezin dugu beste aldera begiratu, larrialdi egoeran jarraitzen dugu gazteok. Antsietate eta depresio egoerek gora egin dute, sistemak gure gorputzak bortizki kolpatu dituela argi dago.

Nazkatuta gaude! Sozializatzeko aukera eza, langabezia, indarkeria matxistaren gorakada, kulturaren ukapena, askatasun apur hori ere kendu digute. Baina guk ez dugu etsiko. Sentitzen dugun nazka, haserre, eta amorru hori borroka bihurtuko dugu. Normaltasun berria diote, baina argi dugu hau ez dela berria, eta norma izatea nahi dutela. Horregatik, sistema honen aurka elkartzen jarraituko dugu, zaintza erdigunean jarriz, espazioak sortu eta eragileen arteko sareak eraikitzen. Orain inoiz baino gehiago, gazteon beharrak erdigunean jarri eta aldarrikatzeko  tresna propioak sortzeko garaia da. Gure izenean gehiago hitz egin ez dezaten, gurea den ahotsa berreskuratzeko unea da. 

Nazkatu gara eta gazteok eztanda egin dugu. Ahotsa kentzen badigute, oihu egiteko moduak aurkituko ditugu.