Sorkuntzarako nolako grina dagoen herri honetan. Ikusi besterik ez zegoen larunbat honetan Kultur Biran izan genuen hitzordu hirukoitza. Aldi berean, ordu berean alegia, baina udalerrian zehar egokitutako hiru oholtza ezberdinetara igo ziren Usurbilgo artixtak. Haiena zen atzoko eguna. Eta ederki utzi zuten sormenerako duten zaletasun eta gaitasuna.
Eguraldiak eskenatoki aldaketa eragin zuen; estalpea aurkitu behar izan zuten artixten emanaldiotarako. Aginagako Eliza Zaharraren atarian egitekoa zutena Aginaga bertako frontoian ospatu zuten, Txokoaldeko ekitaldia Santueneko frontoian. Eta ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan, Bizkarreko skate parkekoa, Askatasuna plazan.
Askatasuna plazako emanaldian, diziplina ezberdinei tartea egin zieten. Irastorza aita-semeen txalaparta doinuak abiarazi zuten saioa. Haiek girotua izan zen, Ugaitz Agirreren errezitaldia. Musikaz blaitu ziguten, jada musikagintzan aurpegi ezagunak ditugun Natalik, Luken Arkarazok eta Jokin Irastorzak.
Urteotan ezagun egin diren ahots berriak ere igo ziren eskenatokira; Maddi Zuloagak hiru kanta eder eskaini zituen. Eta izan zen estreinako kontzertua eskaini zuen talderik ere; "Zuen ahotsa" izeneko herriko talde gazteak borobildu zuen emanaldia.