Goizeko 5:31n sartu gara ofizialki udan. Urte garai honetara egokitu ohi dituzte hainbat zerbitzu, tartean autobus nahiz trenen joan etorriak zehazten dituzten ordutegiak. Astelehen honetatik, ekainaren 21etik, indarrean du Euskotrenek udako ordutegia. Aurreko urteetan bezala, asteburu eta jai egunetan Usurbil zeharkatzen duen Donostia-Zumaia ibilbidea osatzen duen trenak zerbitzua indartuko du. Urtean zehar orduro izaten da Oriorantz nahiz Gipuzkoako hiribururantz joateko trena, datorren asteburutik aurrera ordea, larunbat, igande eta jai egunetan, 30 minuturo eskainiko du zerbitzua EuskoTrenek, 13:50-20:50 artean.
Informazio gehiagorako:
944 333 333
euskotren.eus
Lurraldebuseko gaueko zerbitzuak
Momentuz udako ordutegia ez du martxan Lurraldebusek. Beste urteetan abuztuan txertatu ohi ditu aldaketak. Baina bestelako berrikuntzarik bada, pandemiari aurre egiteko neurrien arintzeei lotutakoa. Covid19ari aurre egiteko azken asteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean genituen hainbat neurri malgutzea erabaki zuen ostiralean Eusko Jaurlaritzaren aholku batzorde tekniko lanak egiten dituen LABI-ak. Bilera amaieran lehendakariak iragarri zituen neurrien artean da, jardueren amaiera edo itxiera ordua goizaldeko 2:00ak arte luzatzea, larunbataz geroztik martxan dena. Aldaketa honek garraio zerbitzuetan ere eragin du; Usurbil zeharkatzen duen Zumaia-Donostia autobus zerbitzuaren asteburu gauetako eskaintza goizaldeko 3:00ak arte luzatzea hain zuzen.
Ostiraletan:
Zumaia-Donostia, azken zerbitzua: 23:00 (23:40 aldera Usurbilen).
Donostia-Zumaia, azken zerbitzuak: 23:15 (23:45ean Usurbilen), 00:00 (00:30ean Usurbilen), 01:00 (1:30etan Usurbilen).
Larunbatetan:
Zumaia-Donostia, azken zerbitzuak: 23:00, 00:00, 01:00, 02:00, 03:00 (23:40, 00:40, 1:40, 2:40, 3:40 aldera Usurbilen).
Donostia-Zumaia, azken zerbitzuak: 23:30, 00:00, 01:00, 02:00, 03:00 (00:00, 00:30, 01:30, 02:30, 03:30 aldera Usurbilen).
Informazio gehiagorako:
900 300 340
lurraldebus.eus