Albiste honi atxikia duzuen ondoko irudia egunotan ateratakoa da Kaxkoan. Frontoiaren bueltako zenbait hormetan agertu den kartela. "Gaztetxe jardunaldiak" iragartzen ditu aste honetarako, zehazkiago esanda, hiru egunetarako, ekainaren 24tik 26ra.
Usurbilgo Aztarrika Gazte Asanbladaren sare sozialetara jo, eta Gaztetxea badatorrela iragartzen dute. "Gaztetxea zertarako?" izenburupean jardunaldiak iragarri dituzte aipatu moduan, ostegun honetatik larunbatera. "Adi badugu zerbait esku artean!", ohartarazi du Aztarrikak.
Gaztetxerantz
Azken hilabeteotan bideratzen ari diren prozesua aurrerabidean dute honenbestez. Gogoan izan, hausnarketara bideratu zuten iazko azaroko Gazte Egunean gazte espazioak eta autoestima izan zituzten hizpide. Gerora, gai honi lotutako beste zenbait saio egin dituzte. "Nolakoa da buruan duzun Usurbilgo gaztetxea? Ideiak bildu eta indarrak biderkatuko ditugu", honako gonbita luzatzen zuten otsailaren 6an Udarregi Ikastolan deitu zuten saioan. Usurbilgo Gaztetxeari forma ematea zuen helburu hitzorduak.
Hilabete beranduago, martxoaren 15ean beste urrats bat eman zuten; Potxoenean deitu zuten saioan, "Gaztetxearen Prozesua, irudikatzetik ikusgai egitera" helburu duen dinamikan, lau gai jorratu asmo zituzten; prozesuko ekintzak, une nagusiak zehaztea, lan taldeak osatu eta lehen ekintzak zehaztu eta prestatzen hastea.
"Gaztetxea zertarako" aldarripean, jardunaldiak datoz orain, ekainaren 24tik 26ra. Hitzordua ondo apuntatzeko gonbita luzatu dute. "Gorde data hauek! Hurrengo egunetan izango duzue honen berri!", iragarri dute.
Gogoan izan, Usurbilen izandako azken gaztetxea, Alkartasuna kooperatibaren egoitza ohia izan zen, egun babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzen ari diren Ugartondoko eremuan kokatua zegoena.