"Prezipitazio handiagatik" abisu horian berriz egunotan

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 22a, 08:04

Euri kontuak berriz uda hasiera honetan. Abisu horian izango gara astearte arratsaldeko 18:00etan hasi eta asteazken iluntzeko 21:00ak arte.

Euri kontuek etenik ez uda hasiera honetan. Iragan astean bezala, egunotan ere abisu horian segiko dugu "prezipitazio handiagatik"; astearte honetan arratsaldeko 18:00etan hasi eta asteazken iluntzeko 21:00ak arte. "Kantauri isurialdeko zenbait tokitan baliteke ordubetean metro karratuko 15 litro baino gehiago pilatzea. Zaparrada ertainak botako ditu; zenbait lekutan handiak eta trumoitsuak izan daitezke" astearte honetan. Asteazkenean (hilak 23) gainera, "zaparradak sarri botako ditu eta prezipitazioa ugaria izango da", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Giro honetan gaur (ekainak 22) Usurbilen, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Goizaldean eta goizean goiz baliteke noizbehinka euri txikia egitea. Gainerako orduetan euri txiki-ertaina egingo du. Baliteke egunaren bigarren partean trumoi-ekaitzen bat jotzea. Mendebal-osagaiko haize ahula ibiliko da; goizean mendebal/ipar-mendebaldetik finkatuko da ahul-bizi, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoak gutxi edo nahiko jaitsiko dira".

Asteazkenean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Euri txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina. Baliteke trumoi-ekaitzen bat jotzea. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da ahul-bizi, bolada gogorrekin. Tenperaturan, aldaketarik ez".

Ostegunean hobekuntza txikia; "zerua oso hodeitsu egongo da; arratsaldean hodeiak gutxitu egingo dira eta gauean zerua partez hodeitua geratuko da. Euri txikia egingo du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin, gauean ipar-osagaira egingo du. Tenperaturan aldaketarik ez".
 
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus