2020-21 ikasturte amaiera

"Usurbilgo altxor ugari ezagutu ditugu"

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 23a, 09:16

Iragan astean eginiko ezohiko "osoko bilkura" berezian, "Agenda 2030" egitasmoaren testuinguruan, amaitu berri duten ikasturtean basoen inguruan bideraturiko lanketa aurkeztu zioten Udarregi Ikastolako ikasleek, Usurbilgo Udalari.

Ezohiko osoko bilkura ospatu zuten ekainaren 17an udaletxean. Alkatea buru zuena, baina zinegotzien eserlekuak Udarregi Ikastolako LH-ko maila ezberdinetako ikasleek hartu zituzten. Amaitu berri duten 2020-21 ikasturtean zehar ingurumenaren arloan landutako egitasmoak aurkeztu zizkioten Udalari. “Kanpoan ibiltzeaz gozatzeko aprobetxatu dugu. Eta egindako irteerei esker, Usurbilgo altxor ugari ezagutu ditugu”.

Lehorreko ekosistemen baitan, basoen gaia landu dute, oka jolasa baliatuta adibidez. Ostadar Txokoa deitu diotena apaindu dute. Haritzak landatu dituzte Andatzan eta ikastolan, Andatza inguruko ondarea ezagutu ahal izan dute, zuhaitzez ikasten aritu ziren Arratzaindik Aginagara egin zuten txangoan...

Azken lau urteotan landu duten Eskola Agenda 21, orain Eskolako Agenda 2030  izatera igaro da. “Hemendik aurrera, mundu mailan ezarri diren garapen jasangarrirako helburuak ezagutzen arituko gara”. Datorren ikasturtean, "basoez gain, larre eta soroak ere aztertuko ditugu. Denon artean, herri jasangarri baten alde jokatu behar dugulako, inor atzean utzi gabe".