“Ucin herriaren kontra joan da”

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 23a, 10:37

Presio sozialari eusteko beharra nabarmendu du Anerreka Ingurumen Elkarteak berriki Sutegi atarian egindako bileran.

Ucinek Usurbilgo Udalaren aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkeztu duela berri eman zuen udal gobernu taldeak maiatza amaierako udalbatzarrean. Arrazoiak zeintzuk ziren ez zituztela ezagutzen zioten, baina otsailaren 9ko Tokiko Gobernu Batzarrak hartutako erabakiaren harira zetorrela. Osinaldeko lantegiaren jarduera baimena eguneratu beharra zegoen, horretarako Eusko Jaurlaritzak zehazturiko baldintzak zorroztea erabaki zuen Udalak.  

Aipatu moduan, Ucinen erantzuna auzitegietara jotzea izan da. Erabaki honen ildotik, Udalak ediktu bat kaleratu zuen prozesu honetan demandatu gisa agertzeko aukera eskainiz. Prozesu judizial horretan elkarlanean aritzeko gonbita jaso zuen baita Anerreka ingurumen elkarteak. Gai honen harira, informazio bilera deitu zuten ekainaren 14an Sutegi atarian.

Hasiera batean bai, prozesu honetan eskuhartzekoa zen Anerreka. Udalaren abokatuekin biltzea eskatzekoa zen elkartea, baina prozesu honetan ez parte hartzea erabaki du. “Bide judizialean edozer gerta daiteke” ohartarazi zuten eta kostu ekonomikoei aurre egiteko ezintasuna agertu zuen Anerrekak, halako prozesuetan murgiltzeko sarritan izaten den oztopo nagusia, justizia denon eskuragarri ez dagoela argi uzten duen adibidea honakoa.

Horrez gainera, Anerrekatik diotenez, “hori ez da gure esparrua” eta beraz, “epaiketara ez aurkeztea erabaki dugu”.

“Ucin herriaren kontra joan da”
Halere, begi bistakoa denez, “arazo nagusiak hor dirau”. Urte luzez gertatu den moduan, azken asteotan ere sarritan ikusi da Ucinetik isurtzen zen ke zutabea. Urte luzez, teilatutik kea “filtratu gabe” ez isurtzeko egin zaizkion ohartarazpenei “jaramonik ez” dietela egin gogorarazten zuten Anerrekatik Sutegiko bileran. “17 urte daramagu kontu honekin” zioten.

Udalaren aurka soilik ez, Ucin “herriaren kontra joan da” auzi errekurtso honekin. “Udala bakarrik ez, herria eraman du epaiketara. Oso larria da”, zioten Anerrekatik iragan asteko bileran. Jauzi kualitatibo handia da honakoa ingurumen elkartekoen esanetan. Bidegabetzat jotzen dute egoera. “Ucin auzitegira Udalak eraman beharrean, Ucinek eraman du Udala”. Ucinek Udala auzitara eramatea, “ordago bat da. Ucinek irabazten badu ateak zabaltzen zaizkio”.

Abiaraziko duen epaitegiko prozesu honi begira, “epaiketara ez goaz baina hemen gaude”.  Horregatik, udazkenetik aurrera, presio sozialari eustea oso garrantzitsutzat jotzen dute. “Bide hori zuekin jorratu nahi dugu”, adierazi zuen Anerrekak Sutegi atariko bileran.