EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean irakasle katedradun Arturo Elosegi gonbidatu zuten hitzordura. Eusko Jaurlaritzaren enkarguz eukaliptoa landatzeak ingurumenean duen eragina aztertzeko talde lan batean parte hartu du. Eta ondorioa argia da; bai eukaliptoak ingurumenean eragina du. Eta ez onerako gainera.
Kezka hazten doa, batez ere azken urteotan pinudiak ebakitzen hasi direnean, “banda marroi” izenarekin ezagunagoa zaigun gaixotasuna hedatu ostean. Eukaliptoa aldiz, lekua hartzen ari da inguruotan. Eta abiada bizian gainera. Elosegik hitzaldian zioenez, Gipuzkoan 2 urteetan, bikoiztu egin dira eukalipto hektareak; 632tik 1.214ra. EAE-ko lur eremuaren %3,2a estaltzen du jada. “Oso hazkunde azkarra” izaten du. Suzalea da gainera, kasuotan, “errazago ernatzen ditu haziak”.
Gai honen bueltan kezka bada, eta horren adibidea, irakasle katedradunaren esanetan, azken hamarkada hauetan gai honi buruz adituen artikuluen argitalpenak nola ugaritu diren.
Baso politika berrien beharra
Hitzaldian zehar landaketa hauen hazkuntzak ekar ditzaketen kalteez ohartarazi zuten. “Lurzorua txirotu dezake”, adierazi zuen Elosegik. Anfibioen garapenean eragin dezake; deformazio arriskua handitu, erantzun inmune eskasagoa izan, hazkuntza moteldu. Erosioa handitu eta errekek kolore uherra izatea ahalbidetu. “Beroketa globalarentzat ez da irtenbidea”, zioen Anerrekak Sutegira gonbidaturiko hizlariak.
Gaineratzen zuenez, “bertako basoa baiono nabarmen okerragoa”. Egoera honen aurrean, beharrezkotzat jotzen zuten hitzaldian, eukalipto landaketak mugatzea. Baina horrekin batera sakoneko aldaketa baita; “bestelako baso politikak bultzatzea. Lurrak erosi eta bertako basora bideratzea”.