Euri kontuak San Juan bezpera honetan ere. Abisu horian izango gara berriz ekainaren 23an, arratsaldeko 18:00etan hasi eta ostegun goizaldeko 3:00ak arte. "Kantauri isurialdeko zenbait tokitan baliteke ordubetean metro karratuko 15 litor baino gehiago pilatzea. Arratsaldean zaparrada ertainak botako ditu, sarri botako ditu eta prezipitazioa ugaria izango da; zaparradak mardulagoak izango dira gauean, orduan zenbait lekutan handiak eta trumoitsuak izan daitezke", ohartarazi du Euskalmet metereologia agentziak.
Ostegun goizaldean ere "zaparrada txiki-ertainak botako ditu, bereziki ekialdean non zenbait lekutan handiak izan daitezkeen. Trumoi-ekaitzak izan daitezke", ohartarazi du Euskalmet-ek.
Giro honetan, asteazken honetan Usurbilen "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Euri txikia egingo du, zenbait lekutan ertaina. Baliteke trumoi-ekaitzen bat jotzea. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da ahul-bizi, bolada gogorrekin. Tenperaturan, aldaketarik ez". Ostegunean ere "zerua oso hodeitsu egongo da; arratsaldean hodeiak gutxitu egingo dira eta gauean zerua partez hodeitua geratuko da. Euri txikia egingo du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogor batzuekin, gauean ipar-osagaira egingo du. Tenperaturan aldaketarik ez".
Ostiralean (ekainak 25) hobetzera egingo du. "Goizean lanbroa eta lainoa agertuko dira. Zerua hodei gutxirekin egongo da, goizaldean tarte hodeitsu batzuekin eta arratsaldean goi-hodei batzuekin. Norabide aldakorreko haize ahula ibiliko da; egunaren lehen partean hego-osagaikoa nagusituko da eta arratsaldean ipar-ekialdekoa. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira".
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus