Gaztetxeari buruzko jardunaldiak iragarri ditu Aztarrika Gazte Asanbladak ostegun honetan hasi eta larunbatera arte, ekainaren 24tik 26ra. "Gaztetxea zertarako?" aldarripean, bi hausnarketa saio Askatasuna plazan gaur eta bihar. Larunbatean auzolanerako deia Andatzan.
"Gazte Egunean sortutako proiektuaren harira jardunaldiak ospatuko ditugu aste honetan. Herri bat gaztetxe bat", adierazi dute Aztarrikako kideek sare sozialen bidez.
Hasteko, ostegun honetan (ekainak 24) 17:00etan Askatasuna plazan, "Gaztetxea eta emakumea*" saioa iragarri dute.
Gaztetxerantz
Azken hilabeteotan bideratzen ari diren prozesua aurrerabidean dute honenbestez. Gogoan izan, hausnarketara bideratu zuten iazko azaroko Gazte Egunean gazte espazioak eta autoestima izan zituzten hizpide. Gerora, gai honi lotutako beste zenbait saio egin dituzte. "Nolakoa da buruan duzun Usurbilgo gaztetxea? Ideiak bildu eta indarrak biderkatuko ditugu", honako gonbita luzatzen zuten otsailaren 6an Udarregi Ikastolan deitu zuten saioan. Usurbilgo Gaztetxeari forma ematea zuen helburu hitzorduak.
Hilabete beranduago, martxoaren 15ean beste urrats bat eman zuten; Potxoenean deitu zuten saioan, "Gaztetxearen Prozesua, irudikatzetik ikusgai egitera" helburu duen dinamikan, lau gai jorratu asmo zituzten; prozesuko ekintzak, une nagusiak zehaztea, lan taldeak osatu eta lehen ekintzak zehaztu eta prestatzen hastea.
"Gaztetxea zertarako" aldarripean, jardunaldiak datoz orain, ekainaren 24tik 26ra.
Gogoan izan, Usurbilen izandako azken gaztetxea, Alkartasuna kooperatibaren egoitza ohia izan zen, egun babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzen ari diren Ugartondoko eremuan kokatua zegoena.
Egitaraua
Ekainak 24, osteguna
17:00 "Gaztetxea eta emakumea*" Askatasuna plazan.
Ekainak 25, ostirala
17:00 "Gaztetxea zertarako?" Herri eragileekin hausnartzen, Askatasuna plazan.
Ekainak 26, larunbata
09:00 Auzolana Andatzan.
Oharra: hamaiketakoa egongo da eta baita zerbait berezia ere.
Antolatzailea: Aztarrika Gazte Asanblada.