"Gaztetxea zertarako?" jardunaldiak

Gaztetxearen helburuez hausnarketa saioa eragileekin gaur

Noaua Aldizkaria 2021ko eka. 25a, 11:24

Gaztetxeari buruzko hausnarketarako tartea egunotan, Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladakoen eskutik. Osteguneko "Gaztetxea eta emakumea*" saioaren ondotik, "Gaztetxea zertarako?" herri eragileekin saioa 17:00etan hasita Askatasuna plazan.

Gaztetxeari buruzko jardunaldiak iragarri ditu Aztarrika Gazte Asanbladak larunbatera arte, ekainaren 24tik 26ra. "Gaztetxea zertarako?" aldarripean, bi hausnarketa saio Askatasuna plazan. Larunbatean auzolanerako deia Andatzan.

"Gazte Egunean sortutako proiektuaren harira jardunaldiak ospatuko ditugu aste honetan. Herri bat gaztetxe bat", adierazi dute Aztarrikako kideek sare sozialen bidez. 

Hasteko, ostegun honetan (ekainak 24) 17:00etan Askatasuna plazan, "Gaztetxea eta emakumea*" saioa egin zuten. "Gaurkoan, hasiera eman diegu gaztetxeko topaketei! Gaztetxea izango den espazio mistoa, genero ikuspegitik landu dugu denon artean, giro ezinhobean. Generoari dagokionez espazio inklusibo bat sortze aldera jardun gara. Maskulinoa den eremu bat, feminismotik eraikitzerako bidea". 

Datozen bi egunotarako hitzordu bana iragarri dute:

Egitaraua
Ekainak 25, ostirala
17:00 "Gaztetxea zertarako?" Herri eragileekin hausnartzen, Askatasuna plazan.

Ekainak 26, larunbata
09:00 Auzolana Andatzan. 
Oharra: hamaiketakoa egongo da eta baita zerbait berezia ere.

Antolatzailea: Aztarrika Gazte Asanblada.

Gaztetxerantz
Azken hilabeteotan bideratzen ari diren prozesua aurrerabidean dute honenbestez. Gogoan izan, hausnarketara bideratu zuten iazko azaroko Gazte Egunean gazte espazioak eta autoestima izan zituzten hizpide. Gerora, gai honi lotutako beste zenbait saio egin dituzte. "Nolakoa da buruan duzun Usurbilgo gaztetxea? Ideiak bildu eta indarrak biderkatuko ditugu", honako gonbita luzatzen zuten otsailaren 6an Udarregi Ikastolan deitu zuten saioan. Usurbilgo Gaztetxeari forma ematea zuen helburu hitzorduak.

Hilabete beranduago, martxoaren 15ean beste urrats bat eman zuten; Potxoenean deitu zuten saioan, "Gaztetxearen Prozesua, irudikatzetik ikusgai egitera" helburu duen dinamikan, lau gai jorratu asmo zituzten; prozesuko ekintzak, une nagusiak zehaztea, lan taldeak osatu eta lehen ekintzak zehaztu eta prestatzen hastea. 

"Gaztetxea zertarako" aldarripean, jardunaldiak datoz orain, ekainaren 24tik 26ra. 


Gogoan izan, Usurbilen izandako azken gaztetxea, Alkartasuna kooperatibaren egoitza ohia izan zen, egun babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzen ari diren Ugartondoko eremuan kokatua zegoena.