Iragan larunbataz geroztik, Usurbilek ez du errepresaliatu politikorik. Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga izan dira aske geratu diren azken herrikideak. Ekainaren 19an kendu zizkieten pultsera telematikoak, 12 urteko kondena osorik bete ostean. "11 urte luze, kartzelaz kartzela urrunduta, sakabanatuak, bakandu eta isolatuak, pandemiaren eraginpean... hau da, beren eskubideak behin eta berriz urratuak", Sarek ostiral arratsalde honetan Mikel Laboa plazan deitu duen elkarretaratzean salatu duenez.
Aipatu moduan, 47 urteetan lehen aldiz, udalerri honek ez du errepresaliatu politikorik iragan asteburuaz geroztik. "Baina, gaur, berriz ere euskal preso politikoak etxera ekarri arte mobilizatzen jarraituko dugula berretsi nahi dugu", adierazi du Sarek azken ostiraleko mobilizazioan.
Uda parterako hainbat deialdi iragarri dituzte Sarek eta Etxerat-ek, eta herritarrak ekimen guztiotan parte hartzera gonbidatu dituzte. "Ibilian ibilian" ekimenaren babespean egiten ari diren toki-mobilizazioak; Bake Bideak eta Bakearen Artisauek uztailaren 10ean antolatutako ibilaldia eta manifestazioa, "Le temps presse" lemapean; uztailaren 22tik 24ra egingo den bizikleta-martxa; abuztuaren 1eko hondartzetako mobilizazioa eta hilabete horretako hiriburuetako mobilizazioak".
Benetako salbuespen egoera amaitzeko premia
Ekimen hauen beharra nabarmendu du Sarek, oraindik gauzatu ez den "salbuespenaren amaiera erreala eta hurbila lortzeko lanean jarraitzea besterik ez zaigu geratzen" eta. Egoera hobetu den arren, "208 presoetatik 57 Euskal Herriko espetxeetan daude, gehienak bigarren graduan, baina oraindik atzeratzen ari dira errealitate berrian kokatu beharko gintuzten erabaki handiak, presorik gabe, bizikidetzan eta etorkizunean".
Onartezintzat jotzen dute, 128 euskal preso "Euskal Herriko periferiako espetxeetan egotea. Kasu batzuetan 520 kilometrotara, Aranjuez eta Estremeran edo Salamancan".
Premiazkoa da preso guztiok Euskal Herrira ekartzea, "lekua dagoelako, Iruñean eta Zaballan libre dauden moduluak daudelako, haien eskubidea eta beraien familiakoena delako, eta ezin delako denbora gehiagoz mantendu euskal presoen eta haien senideen aurkako salbuespena, euskal gizarteak nahi duenaren aurka, mendekua inposatzen jarraitzen duen lobby politiko, judizial eta mediatiko horren beldur direlako".
Hiru hamarkada eta erdiko salbuespen egoerak heriotza gehiegi eragin ditu; 16 senide edo hurbilekoena, 35 presorena (6 hamarkadetan) eta kartzelan sartzea saihesteko bizia kendu zuten beste bi pertsonena, Sarek berri eman duenez.
Egun, gaixotasun larri edo sendaezinak dituzten 19 preso daude, 65 urtetik gorako 20 preso daude, guztiok "berehala utzi beharko dituzte aske". Horrez gain, "33 erbesteratu eta 8 deportatuei itzultzeko erraztasunak eman behar zaizkie; 2021. urtean, haien kondenaren hiru laurdenak bete dituzten presoen kopurua 60koa izango da eta hauek espetxetik ateratzeko eskubidea dute; eta euskal presoen kopuru handi batek hirugarren graduan egoteko baldintzak betetzen ditu. Haien eskubidea da. Ezin dugu blokeo egoera hau onartu. Hirugarren gradua eta kalera ateratzeko baimenak orain!", eskatu ditu Sarek.