Ekainak 28 ditu gaur, LGBTIQ+ kolektiboen harrotasunaren nazioarteko eguna astelehen hau, bestela esanda, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna. Ikusgarri egiten ari dena Usurbilgo Udala. Sutegi udal liburutegiak maiatzaren 17ko LGTBIQ+ fobiaren aurkako egunean egin bezala, gaurko egunari lotuta duen materiala ikusgai jarri du.
Udalak bestalde, hiruki arrosadun eta koloretako ortzadarra irudikatzen duen aldarria esekia du balkoian. "Gaur eta egunero, udaletxeko balkoian, harrotzeko askatasunaren alde", adierazi du Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak sare sozialen bidez.
Gogoan izan, iragan ekainaren 24ko udalbatzarrean egun honi begirako mozioa onartu zuen aho batez udalbatza osatzen duten hiru taldeek; EHBildu, EAJ eta PSE udal taldeek hain zuzen.
Pandemian haiengan izandako eragina aztertzeko kolektibo hauei guztiei buruzko diagnosia egitea eta horri erantzungo dion plan bat diseinatzea. LGTBIQ+ pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean erakundeak koordinatzea, arreta eta erantzun publikorako protokoloak diseinatu eta abian jartzea. Eskubideak bermatzeko neurriak abiaraztea; "administrazio-formularioetan aldaketak egitea binarismoa gaindintzeko, aldagelak eta komunak egokitzea instalazio publikoetan, igerileku publikoen araudiak...".
LGTBIQ+ pertsonen aurkako gorroto-diskurtsoak identifikatzeko mekanismoak ezartzea eta jazarpen zein eraso LGTBIQ+ fobikoei aurre egiteko ekintzak bultzatzen jarraitzea. Trans errealitatea barne hartzen duten hezkidetza-pzozesuak sustatzea, gizarte- eta hezkuntza-eragileekin.
Sexu eta genero disidentziaren gainerako prestakuntza-prozesuak bultzatzea eta sentsibilizazio-kanpainak ere bai.
Hau guztia eta gehiago, "denontzako askea eta bidezkoa den Usurbil baten alde!". Konpromiso sorta hau jasotzen duen mozioa onartu zuten udalbatza osatzen duten hiru udal taldeek; EHBilduk, EAJ-k eta PSE-k.
Segidan duzue mozioaren edukia, bere osotasunean.