Animali kontuak lerrootan. Zenbait animalia desagertu edo galdu direla berri eman digute bide ezberdinetatik egunotan. Batetik, albiste honi atxikia duzuen perikitoa. Asteburuan Kalezarko plazan, Kultur Birari lotutako ekitaldien bueltan ikusi ahal izan zuten hegan. Bizilagunen sorbalda gainean egoteko arazo handirik ez zuela erakutsi zuen, kolore bizi askokoa den animaliatxoa.
Iragan aste hasieran bestalde, herritar batek telefono bidez hedabide honi ohartarazi zionez, txakurkume bat aurkitu zuen Olarrondo inguruan. Deskribatu zigunez, txakurkume eme bat, kolore marroiduna. Lepoko marroia zeramana. Telefono zenbaki bat ere utzi zigun, baldin eta inork deskribapen honekin bat datorren animaliaren bat falta zaiola jabetuz gero, berarekin hartuemanetan jartzeko; 685 473 499.
Azkenik, asteburuan sare sozialen bidez Twitterreko erabiltzaile Urko Odriozolak ohartarazitakoa. Moxala lapurtu ziotela ekainaren 23an, Aginagako lehengusuari. "Arra da, marroia ile beltzarekin eta orbain zuria du kopetean. Orain bi hilabete inguru ditu", deskribatu zuen. Inork zerbait jakinez gero, bere https://twitter.com/urtzai helbidera idaztea eskatzen zuen.