Izen eta ordutegi berriak gaurtik, Lurraldebuseko Buruntzaldeko zerbitzuek

Noaua Aldizkaria 2021eko uztailaren 1a

Buruntzaldeko Lurraldebus zerbitzuen emakida berritu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Autobusak berritzearekin batera, besteak beste, lineen izendapenak aldatuko ditu gaurtik.

Berrikuntzak uztaileko lehen egun honetatik Buruntzaldea lotu edota zeharkatzen duten Lurraldebuseko zerbitzuetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako Lurraldebuseko lineen emakida sarea berrantolatu zuen 2015ean, Buruntzaldekoa izan ezik. Eskualde honetakoa orain berritu dute. "Lurraldebus sarearen emakida-sistema osatuko da, eta flota berritua, modernoa eta mugikortasun jasangarriaren egungo irizpideen arabera diseinatua izango da", Aldundiaren esanetan.

Emakida berriak "30 autobus hibrido izango ditu estreinatzeko: 10,15 metrokoak izango dira eta 53 eserleku, 17 zutik eta gurpildun aulkientzako 2 gune izango dituzte. Beste 20 autobusek 12,75 metro izango dituzte, 41 pertsona eserita, 27 zutik eta gurpil-aulkientzako 2 gune. Flota osatzeko, 10 urte baino gutxiagoko 11 autobus subrogatuko ditu aurreko enpresa emakidadunak".

Guztira, "Buruntzaldeko emakida berriak 18 linea erregular, iraunkor eta erabilera orokorrekoak ditu, horietatik 14 egunekoak eta 4 gauekoak". Horrekin batera, "lineen kodeak aldatuko dira, Lurraldebus izendapenari egokituz, "Lineak BU kodifikazioarekin identifikatuko dira". Orain arte Usurbil Hernanirekin lotzen zuen T6 zerbitzuak gaurtik BU10 izendapena izango du.


Eta aldaketa gehiago ere bai, ordutegian zenbait aldaketa txertatuko ditu. Orain arte, astelehenetik larunbatera 7:15-21:15 artean 60 minuturo abiatzen zen Usurbildik Hernanirantz autobusa (10:15ekoa eta 17:15ekoa Lasarte-Oriara arte soilik), igandeetan ere bai 15:15-21:15 artean (17:15ekoa Lasarte-Orirara arte soilik). Hernanitik Usurbilerantz berdin, astelehenetik ostiralera 60 minuturo 7:45-21:45 artean (10:45ean eta 17:45ean izan ezik), igandeetan 15:45-21:45 artean (17:45ean izan ezik).

Gaurtik aldiz, zerbitzua indartuko dute. Astetartean, 7:45ean eta 22:15ean ere autobus zerbitzua izango da Usurbildik. Larunbatetan, 20:45ean ere autobus zerbitzua izango da. 

Usurbildik
Astelehenetik ostiralera: 7:15, 7:45, 8:15-22:15 artean 60 minuturo.
Jai egunak ez diren larunbatetan: 60 minuturo 7:15-20:15 artean. Azken zerbitzuak: 20:45, 21:15, 22:15.
Igande eta jai egunetan: 60 minuturo 15:15-21:15 artean.

Hernanitik
Astelehenetik ostiralera: 7:45, 8:15, 8:45-22:45 artean 60 minuturo.
Jai egunak ez diren larunbatetan: 60 minuturo 7:45-22:45 artean.
Igande eta jai egunetan: 60 minuturo 15:45-21:45 artean.

Gaueko zerbitzu gehiago
Momentuz udako ordutegia ez du martxan Lurraldebusek. Beste urteetan abuztuan txertatu ohi ditu aldaketak. Baina bestelako berrikuntzarik bada, pandemiari aurre egiteko neurrien arintzeei lotutakoa. Covid19ari aurre egiteko azken asteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean genituen hainbat neurri malgutzea erabaki zuen ostiralean Eusko Jaurlaritzaren aholku batzorde tekniko lanak egiten dituen LABI-ak. Bilera amaieran lehendakariak iragarri zituen neurrien artean da, jardueren amaiera edo itxiera ordua goizaldeko 2:00ak arte luzatzea, larunbataz geroztik martxan dena. Aldaketa honek garraio zerbitzuetan ere eragin du; Usurbil zeharkatzen duen Zumaia-Donostia autobus zerbitzuaren asteburu gauetako eskaintza goizaldeko 3:00ak arte luzatzea hain zuzen. 

Ostiraletan: 
Zumaia-Donostia, azken zerbitzua: 23:00 (23:40 aldera Usurbilen). 
Donostia-Zumaia, azken zerbitzuak: 23:15 (23:45ean Usurbilen), 00:00 (00:30ean Usurbilen), 01:00 (1:30etan Usurbilen).

Larunbatetan:
Zumaia-Donostia, azken zerbitzuak: 23:00, 00:00, 01:00, 02:00, 03:00 (23:40, 00:40, 1:40, 2:40, 3:40 aldera Usurbilen).
Donostia-Zumaia, azken zerbitzuak: 23:30, 00:00, 01:00, 02:00, 03:00 (00:00, 00:30, 01:30, 02:30, 03:30 aldera Usurbilen).

Informazio gehiagorako: 
900 300 340
lurraldebus.eus









Euskotren

Ekainaren 21etik, indarrean du Euskotrenek udako ordutegia. Aurreko urteetan bezala, asteburu eta jai egunetan Usurbil zeharkatzen duen Donostia-Zumaia ibilbidea osatzen duen trenak zerbitzua indartuko du. Urtean zehar orduro izaten da Oriorantz nahiz Gipuzkoako hiribururantz joateko trena, udako asteburuetan ordea, larunbat, igande eta jai egunetan, 30 minuturo eskainiko du zerbitzua EuskoTrenek, 13:50-20:50 artean. 

Informazio gehiagorako:
944 333 333
euskotren.eus