Jabetuko zineten moduan, gaurkoa ez da ohiko ostirala. Santixabelik ospatzerik ez dugun arren, Santixabel Eguna izanik, udalerri mailako jai eguna dugu uztailaren bigarren egun hau. Ondorioz, itxita izango dira egun osoz udal zerbitzuak edota merkataritza establezimenduak.
2022an ere uztailaren 2a jai
Usurbilgo Udalari dagokio urtero udalerri mailako jai eguna finkatzea. Azken urteon ildo beretik, 2022rako festa eguna uztailaren 2rako finkatu zuen udalbatzak aho batez, maiatza amaieran eginiko osoko bilkuran.
Berriki Eusko Jaurlaritzak urte berrirako jaien egutegia onartu zuen. Gogoan izan, jai egun berri bat izango du datorren urteak; irailaren 6a, Elkano Eguna. Jai egunoz gain, beste festa egun bana finkatzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Usurbil mailakoa Udalak. Maiatza amaierako udalbatzarrean, azken urteon ildo beretik, 2022. urtean ere larunbatez egokituko den uztailaren 2a herriko jai eguna izendatzea erabaki zuten udal taldeek aho batez, Santixabel Eguna hain zuzen. Covid19ak eragindako osasun krisialdia tarteko, iaz eta 2021 honetan ez bezala, urtebete barru "benetan ospatzeko aukera izatea espero dugu", Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak adierazi zuenez.
Irailaren 6a ere jai
Eusko Jaurlaritzak maiatza hasieran eginiko Kontseiluak 2022. urteko lan-egutegia onartu zuen. Urte berrirako jai egunak zeintzuk izango diren finkatu zituzten, berrikuntza nagusi batekin. Urteroko festa egunez gain berri bat eranstea erabaki du Gasteizko gobernuak; irailaren 6a, igandez egokituko den abenduaren 25aren ordez. Irailaren 6a Elkano Eguna izendatu du Jaurlaritzak, "Juan Sebastián Elkano Getariako marinela buru zela munduari egindako lehen biraren bosgarren mendeurrena ospatzeko".
Gainerakoan aldaketarik ez, ohi bezala, Espainiako nahiz erlijioari lotutako jai egunak izango ditugu; 12 guztira. Hauei Gipuzkoako Foru Aldundiak finkatuko duena, eta Usurbilgo Udalak udalbatzar bidez erabakitako udalerri mailakoa erantsi behar zaizkie.
2022ko EAE mailako jai egunak
Urtarrila: 1,6.
Apirila: 14, 15, 18.
Uztaila: 2, 25.
Abuztua: 15.
Iraila: 6.
Urria: 12.
Azaroa: 1
Abendua: 6, 8.