"Gauez eta ezkutuan ibili ohi dira iratxoak magia eta jolas bereziak sortzen, egun argitan herritarrei eskaintzeko. Mezu bat iritsi da duela gutxi usurbildarrontzako zerbait prestatua dutela esanez. Ez dugu askorik ulertu eta zuen laguntza behar dugu argitzeko, lagunduko?".
Hortxe etxeko txikienei Kultur Birako antolatzaileek prestatu dieten erronka. Haurren goiza gaur uztaila hasierako Kultur Biraren hirugarren egun honetan. Kultur Birako guraso taldeak herriko festetan ospatu ohi den ginkana berezia prestatu diete herrian barrena. Zaku lasterketan ikusi ditugu Munalurran, Aranerrekan arrantzan, aipatu erreka ondoan baina Artzabal pareko parkeko tramankuluetan onena ematen edota Udarregi Ikastola ondoko eserlekuetan trebetasun jolas ezberdinetan primeran pasatzen.
Guztia, egungo testuinguruak derrigortzen duen moduan, talde txikietan. Baina jolaserako gogoa inondik inora ere mugatu gabe.