Lan taldea prest, eta haurrak primeran pasatzeko gogoz. Abiatu da astelehen goiz honetan Udajolas, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak hilabete honetarako antolatu dituen udalekuak. Aurrerantzean, goizero, astelehenetik ostiralera HH3-LH6 maila arteko ia 190 haur eta gaztetxo ikusiko dituzue herrian gora eta behera ekintza ezberdinetan parte hartzen.
Oraindik iaztik bizi dugun osasun krisialdia gainditua ez dugunez, hainbat prebentzio neurri hartuta parte hartuko dute. Talde txiki eta egonkorretan, musukoekin... Eta biltzeko gune ezberdinekin. 2019. urtera arte parte hartzaile eta guraso guztiak frontoian biltzen ziren. Iaz bezala ordea, aurten ere, Kaxkoko gune ezberdinetan bilduko dira.
Udajolas uztailaren 5etik 30era antolatu da, goizero lau orduz, 9:30-13:30 artean. Albiste honi atxikitako argazkietan, begirale taldea eta gaur 9:30etan gaztetxo taldeak frontoi inguruan biltzen hasi diren unea.