"Geuretik Sortuak"

Itxaro Borda Usurbilen da jada

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 6a, 09:29

Itxaro Borda udal ordezkariek eginiko harreran. Argazkiaren egilea: Usurbilgo Udala.

Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitan, hiru asteko egonaldia egingo du Itxaro Borda idazle baionarrak Usurbilen. Egonaldi horretatik jaioko da bere hurrengo sortze lana. Usurbilgo Udalak harrera egin berri dio Bordari.

Usurbilgo Udalak atera eta albiste honi atxikitako irudian duzue Usurbila heldu berri den Itxaro Borda idazle baionarra, Luken Arkarazo eta Lur Etxeberria udal gobernu taldeko ordezkariekin batera. Esku artean atez ateko bilketaren egutegia du. 


Euskal kulturgintzari bultzada emateko Udalbiltzak abian duen "Geuretik Sortuak" egitasmoan parte hartuko du idazle baionarrak eta beste 25 sortzaileek. Tartean dira Yolanda Arrieta eta Ugaitz Agirre herritarrak. Guztiak euren sorterritik kanpo Euskal Herriko beste udalerri batean egonaldia egiteko aukera izango dute hilabeteotan, aipatu egitasmo honen beka deialdiari esker. Eta egonaldi horietan sortze lan bana bideratuko dute. 

"40 urtez herri horretan ibiltzen naizela eta berehala pentsatu dut etxean izango nintzela", gure artean hala sentituko dela adierazi zuen Bordak, maiatzean Oiartzunen egin zuten egitasmoaren aurkezpenean. Uztailaren 5etik 25era egingo du egonaldia Bordak Usurbilen. Badu zertaz idatzia, "baina ez naiz seguru ideia horiek Usurbilen garatuko ditudan. Besterik ere etorriko zait Usurbilgo jendearekin egonez".

Herri honen kultur arloko izaera sortzailea goraipatu zuen. Gogoan hartu zituen Artze, Zumeta, Mikel Laboa, eta ziur da inspirazio iturri izango direla berarentzat. Baita inguruotako paisaia ere. "Asko maite dut paisaia, natura", ingurune honekin, leku ezberdinekin harremanduta, "hortik idatziko dut". Aipamena egin dio Zubieta gainari ere. "Jakin berri dut biziki hurbil egongo naizela Zubietako erraustegitik, pixka bat beldurtzen nau baina esan didate ez dela arazorik", adierazi du umoretik. Aipatu duenez, irudipena izan du "joango naizela egun bat Jakoba Errekondoren baratzean lan egitera harekin, nik ere maite baitut baratza egitea".

"Gure egunerokotasunetik aterako gara"
Sinbolismo hori guztia "motxilan sartuta" etorri asmo zuen Itxarok Usurbila. Udalerri honetan biziko duen horretatik, "biziko dudanari fidel izanez" idatzi nahi du. "Ez dakit oraindik zer aterako den. Ez dakigu sekula, hori egunerokoa. Artikulu, poema edo nobela bat hastean ez dakigu zer aterako den, ez dakigu ere bukatuko dugun".

Hortxe du erronka berria, ezohikoa nabarmendu duenez. Bereziki orain, 14 hilabeteko pandemiaren ostean. "Egia da idazle baten egunerokoa, konfinatua izatea dela. Bere bakartasunean idaztea, atera pixka bat, kafe bat hartu". Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoari esker, "gure egunerokotik aterako gara. Ezagutzen ez dugun herri edo hiri batera joango gara, eta hor bizita seguru naiz zerbait sortuko dela". Usurbilgo Udalari eta Udalbiltzari "eskerrak bihotz bihotzez" emanez amaitu zuen bere hitzartzea. "Plazer handi bat hautatua izatea".