Kiroldegian eta Sutegin zenbait berrikuntza lan bideratuko ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 7a, 11:56

Sutegin fatxada berritu eta bi solairuen arteko hutsunea itxiko dute. Oiardo Kiroldegian harmailak berritzeko bidean dira.

Uda obren garaia izan ohi da. Aurtengoan ere bai; bi udal instalakuntza berritzeko baliatuko du Usurbilgo Udalak; Oiardo Kiroldegia eta Sutegi kultur-etxea.

Sutegiri dagokionez, bi lan bideratuko dituela iragarri du Udalak ohar bidez. "Batetik, fatxada egokituko da, eraikinari izaera propioa ematen dion alabastroa ez baita efizientea energetikoki. Bestetik, zerbitzua hobetu eta ikasteko espazio egokiagoa izan dadin, bi solairuen arteko hutsunea itxiko da: espazioa irabazi, eta isiltasun gehiago egongo da. Horrez gain, taldeak biltzeko gune bat egingo dute goiko solairuan, eta espazio hori bereizteko erabiliko dute fatxadako alabastroa, materialari balioa emateko. Proiektua 89.300 euroan atera dute esleipenera, eta uztailaren 30era bitartean izango dute interesdunek proposamenak aurkezteko epea".

Harmaila zaharra kenduta
Oiardo Kiroldegian aldiz, harmailak berritzeko bidean dira. "Orain arte egon direnak kiroldegia egin zen garaikoak ziren. 2020ko udal-aurrekontuetan 90.000 euroko partida bat gorde zen horretarako, baina Covid19-a tarteko, bertan behera utzi zen, diru hori osasun krisiari eta horren ondorioei aurre egiteko erabiltzea lehenetsita. Harmaila zaharra kendu dute dagoeneko, eta konponketa txiki batzuk egiteko aprobetxatu dute, berria jarri bitartean. Harmaila berriaren proiektuak aurrekontu txikiagoa du, 72.600 eurokoa, harmaila zaharra kentzeko lana brigadak egin baitu. Jasotako eskaintzak baloratu eta lanak esleitzea izango da hurrengo pausoa".

Udazkenari begira bestalde, "obra gehiago egitea aurreikusten da kiroldegian. Zehazki, sauna berria jarriko dute, zaharra kendu eta lekuz aldatuta. Ikasturte berriarekin, bilera bat egin asmo dute erabiltzaileekin, funtzionamenduaz hitz egiteko. Hori aldatzean, dantza taldearentzako lokal berria egokituko du brigadak kiroldegian".