Gertuago.eus tokiko merkataritzaren eta ostalaritzaren erakusleiho bilakatu da

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 13a, 18:08

Fase berrian sartu da Gertuago.eus webgunea: deskontudun bonuak eskaintzetik tokiko merkataritzaren eta ostalaritzaren erakusleiho izatera pasatu da. Horixe izango baitu helburu: herriko merkatariek eta ostalariek egiten dituzten eskaintzak ezagutaraztea. Oraingoz, 15 lokalekin abiatu dute fase berria, eta pixkanaka gero eta gehiago erakustea da asmoa. Webguneaz gain, sare sozial propioak izango ditu aurrerantzean Gertuagok: Twitterren, Facebooken eta Instagramen.

Gertuago.eus webguneak hainbat atal ditu. Batetik, merkatari eta ostalari guztiak bilduko dituena, bakoitzaren atari propiora sarbidea emango duena. Bestetik, azken eskaintzen berri emango duena: establezimendu guztietako eskaintzak kontuan izanda, berrienak erakutsiko dituena, denak batera. Horrez gain, tokiko merkataritzarekin zein ostalaritzarekin zerikusia duten albisteen atala ere izango du. Establezimendu bakoitzaren atariek horien kokalekua, kontakturako datuak eta deskribapena jasotzeaz gain, eskaintzen dutenaren katalogo propioa izango dute. Hurbilagoko kide diren establezimenduek hori adierazteko bereizgarri bat izango dute.

 

Udalaren eta Hurbilagoren arteko lankidetzari esker sortu zen Gertuago.eus, eta fase berria ere elkarlan horri esker gauzatu dute. Izan ere, katalogoa sortzeko beharrezko ikusi zuten dinamizatzaile bat kontratatzea, eta hori bera jaso dute Udalak eta Hurbilagok hitzarmen berrituan; Udalaren diru ekarpena handituta kontratatu dute Miren Cuerdo dinamizatzailea. Establezimenduetako arduradunekin bildu, eta katalogoan zer eta nola erakutsi definitzen laguntzen die Cuerdok, eta hark elikatzen ditu Gertuago.eus webgunea eta sare sozialak.

 

Herriko merkatari eta ostalarien erakusleiho izateaz gain, aterki ere izan dadin nahi dute. Hau da, haiek antolatutako edo haiekin zerikusia duen oro Gertuago markaren pean egingo dute, establezimenduak Hurbilago elkarteko kide izan zein ez. Aurrerago, webgunearen bidez euren produktuak saltzeko aukera eskaintzea da asmoa, baina oraingoz ez dute aukera hori aktibatu.