Mikel Laboa plazara hurbildu ezin baduzue, "Osoigo" izeneko plataformaren bidez ere sinatu dezakezue. Atari honetan, agintari politikoei edota erakundeei galderak helarazteko aukera dago. Bitarteko hauxe baliatzen ari da Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Gipuzkoako Batzar Nagusiei honako galdera helarazteko: "Zergatik ez du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) pardelak birziklatzeko zerbitzuaren prozesua abiatzen?".
Galdera zuzenki foru ingurumen diputatuak erantzutea nahi dute, "sinadurak lortuko ditugu ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensiok hau argitu diezaigun". Galdera honen inguruko zioak ere azaldu ditu Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak aipatu webgunean bertan:
"José Ignacio Asensio jauna. Gipuzkoako gizarteak badaki pixoihalak eta produktu higienikoak birziklatu daitezkeela. Urrats hori eman nahi du eta gauzak ondo egiten jarraitu, gainerako hondakinekin egiten duten bezala, mundu mailan hondakinak gehien eta ondoen bereizten dituzten lurraldetako bat baita. Horretan ere nabarmendu nahi dugu. Eskaera gero eta handiagoa da. Erakundeek erantzun egin behar diete gizartearen eskakizun horiei eta klimaren larrialdi-egoeran egonda, prozesuak bizkortu egin behar dira. GHK-k pixoihalak eta higiene-produktuak birziklatzeko zerbitzua bere gain hartu beharko luke. Hainbat udalerritan bereizita jasotzen dira hondakin horiek eta beraz herritarrak gai dira bereizteko, prest daude. Zerbitzu hau eskaintzeak hiritarrak asebeteko lituzke eta euren eta planetaren interesak aurretik jarriko lirateke. Mila esker".
Pardelen muralak
Kanpaina hau sustatzeko bigarren ekimen bat ere iragarri du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. "Herri guztietan mural txiki batzuk egin nahi ditugu pardelekin, zenbat eta herri gehiago presio handiagoa". Laguntza eskatu dute sare sozialen bidez. "Zuon laguntza behar dugu hau zabaldu eta erreferente bilakatuko gaituen lurraldea izateko!!".
Kanpaina hau esteka honetan klikatuta babestu daiteke: osoigo.com