Koronabirusa

Bizikideak ez direnen arteko bilkurak mugatuak gaurtik 00:00-06:00 artean

Covid19aren hedapenari aurre egiteko dekretu berria indarrean du gauerdiaz geroztik Eusko Jaurlaritzak. Aldaketa nabarmen batekin; aurrerantzean, gauero 00:00-06:00 artean debekatuak egongo dira bizikideak ez diren pertsonen arteko bilkurak, "parkeetan, lorategietan, hondartzetan, kirol-eremuetan, irristaketa edo skate pistetan edo aire libreko antzeko erabilera publikoko espazioetan, ez eta portuei eta itsas pasealekuei dagozkien espazio publikoetan ere". Jaurlaritzaren dekretua ostegun honetako Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zuten. Hemen duzue osorik.

XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
4042
34/2021 DEKRETUA, uztailaren 15ekoa, lehendakariarena, zeinaren bidez aldatzen baita honako dekretu hau: 33/2021 Dekretua, uztailaren 7koa, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurriak eguneratu eta zehaztekoa.

Lehendakariaren uztailaren 7ko 33/2021 Dekretuaren bidez, COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legeak aurrez zehaztutako alerta-mailaren arabera aplikatu beharreko prebentzio-neurri espezifikoak eguneratu eta zehaztu ziren.

Helburua da giza portaera indibidual eta kolektiboko tresnei eta irtenbideei eustea, eta horrek agintarien kontrola eta esku-hartzea eskatzen du. Izan ere, tradizionalki, tresna eta konponbide horiek antolamendu juridikotik esplizituki gaitu izan dira mota guztietako alderdietan, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan egindako hasierako aurreikuspenetik hasita; beraz, beste behin ere hainbat neurritan eragiten da hedapen birikoari aurre egiteko, eta erabilgarria izatea aurreikusten da, hala egiaztatzen baitu gure inguruko herrialdeek sistematikoki neurri horietara edo antzekoetara jo izanak; hori guztia Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek adierazitakoarekin bat etorriz.

Estatuko zein Autonomia Erkidegoko legeria arruntak eskaintzen duen arau-euskarriaz gain, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluan kudeatu diren osasun publikoaren arloko erabakiak eta jarduera koordinatuak integratzen dira.

Hartzen diren neurriak bat datoz egiten den ebaluazio epidemiologiko iraunkorrarekin, eta, beraz, justifikatuta daude eta proportzionalak eta egokiak dira lortu nahi den helburu nagusirako –alegia, prebentziorako–, betiere Legean aurreikusitako eta aurrez zehaztutako esparruan. Uztailaren 7ko 33/2021 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoak berariaz eskatu zuen neurriak ebaluatzea eta erabaki hau hartzea neurriak luzatzeko, aldatzeko edo indarrik gabe uzteko.

Euskadiko lehendakariari dagokio dekretu hau onartzea, hala xedatzen baitu COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legeak 8.1 artikuluan. Beraz, lege horretan eta oro har aplikatu beharreko gainerakoetan ezarritakoaren arabera, honako hau,

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Uztailaren 7ko 33/2021 Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako neurri orokorrak eta prebentzio-neurriak mantentzea edo luzatzea, eta artikulu horren 2. apartatuari zehaztapen hauek gehitzea:

«Maskara nahitaez erabiltzeko legez aurreikusitako neurriak mantendu egiten dira, eta etengabe indartzeko eskatzen, maskara baita transmisio birikoa mugatzen laguntzen duen tresna profilaktiko nagusia.»

Bigarrena.– Uztailaren 7ko 33/2021 Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako neurri espezifikoak mantentzea edo luzatzea, eta artikulu horri honako zehaztapen hauek gehitzea:

Aldatu egiten da 13. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:

«Indarrean dauden prebentzio-protokoloak eta -neurriak aplikatzen ez diren pertsonen pilaketa dakarten bilkuretan, festetan edo ekitaldietan –ez kanpoan, ez barruan– parte ez hartzeko betebeharra ezartzen da.

00:00etatik 06:00etara bitartean, bizikideak ez diren pertsona-multzoak edo jende-pilaketak ezingo dira egon parkeetan, lorategietan, hondartzetan, kirol-eremuetan, irristaketa edo skate pistetan edo aire libreko antzeko erabilera publikoko espazioetan, ez eta portuei eta itsas pasealekuei dagozkien espazio publikoetan ere. Edonola ere, espazio horiek erabil daitezke pertsonak igarotzeko eta erabilera profesional edo ekonomikoetarako. Udalei eta, hala badagokio, administrazio eskudunei dagokie gune horiek antolatzea.»

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek 2021eko uztailaren 16ko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Dekretu honetan xedatutakoaren aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 15ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.