Ziortzako kanpaldia bigarren txandan

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 20a, 08:00
Kanpaldian antolakuntzak ateratako argazki bat. Egilea: Ziortza Gazte Elkartea.

Lehenengo txandakoak Usurbila itzuli dira, bigarrenekoak Peñaloscintosen (Errioxa) dira jada. Adi kanpaldi amaierara begira antolakuntzak plazaratu duen ohar honi.

Txanda aldaketa, erdibidera heldu den Ziortzako kanpaldian. Uztaileko lehen hamabostaldian Peñaloscintosera (Errioxa) joandakoak Usurbila itzuli dira jada. Bigarren txandarako izena eman dutenek hartu diete lekukoa. Adi antolakuntzak helarazitako ohar honi.

Iazko etenaldiaren ondoren, Ziortza Gazte Elkartea Peñaloscintosera itzuli da. Hilabete hasieran altxa zuten kanpaldia, boluntario askoren laguntzari esker. Ondorengo oharra hain zuzen, beraiei zuzendua dago. Izan ere, gauzak jasotzeko ere euren premia izango dute-eta.

Ziortza Gazte Elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez, “kanpaldiaren desmuntaiaren egunean zuen laguntza beharrezkoa izango zaigu”. Uztailaren 31n jasoko dute kanpaldia. “Parte hartzeko prest baldin bazaude, bidali ieazaguzu mezu bat ziortzakanpaldia@gmail.com eposta helbidera zure izen-abizenak, telefono zenbakia eta kotxea ekarri dezakezun ala ez adieraziz. Gurasoekin batera gazteak ere etor daitezke”.