#udalbatzarra

Ospitaleetara joateko autobus zerbitzua berrezartzea eskatu dute udal talde guztiek

Buruntzaldeko autobus zerbitzuetan hilabete hasieratik indarrean diren murrizketen aurka agertu da udalbatza osoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak ezabatu duen ospitaleetara joateko zerbitzua berrezartzea eskatzen duen mozioa onartu dute aho batez hiru udal talde politikoek, astearte honetako osoko bilkuran.

Adostasun erabatekoa Buruntzaldeko autobus zerbitzuetan indarrean diren murrizketen inguruan. Aho batez onartu dute astearte honetako udalbatzarrean, gai honi buruzko mozioa. Dakizuenez, bi lineatako bat, Usurbil ospitaleekin lotzen zutena ezabatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Uztailaren 1etik indarrean den erabakiak hainbat kexa eragin ditu herrian. Herritar talde batek jada ia 1.000 sinadura bildu ditu azken asteotan, linea hau berrezartzea eskatzeko. Udalak ere bere azpiegiturak bilketa kanpaina honetarako utziko ditu; nork bere atxikimendua eman ahalko du Sutegin, Potxoenean, udal erregistroan edota Oiardo Kiroldegian egongo diren orrietan.

Udala ere kexu, uztailaren 1ean martxan jarri zen esleipen berriren inguruan ezer adierazi ez zaielako. "Desinformazioak kexak eragin ditu" eta haserrea, astearteko udalbatzarrean alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak zioenez. 

Irailera begira
Gogoan izan, iragan ostegunean bildu zirela eskualdeko alkateak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, murrizketek Buruntzaldea osoari eragiten baitiote. Ospitaleetako linea irailaren 1ean berrezartzeko borondatea agertu zioten Udalari Diputaziotik; eskaera aztertzekotan geratu ziren. "Irtenbideak bilatzeko eta egoera konpontzeko gure prestutasuna argia izango da", dio astearte arratsaldean aho batez onarturiko mozioak. 

Are gehiago, ezabatua dagoen linea hau Aginagatik abiatzen zen. Orain berrezarriko balute ere, "harrituko ninduke Aginagatik hastea", alkateak atzoko osoko bilkuran zioenez. Horregatik, Usurbiletik ospitaleetara joateko zerbitzua berreskuratuko balitz, "Udala prest egongo da, Aginaga-Usurbil bidea bus taxi zerbitzu batekin osatzeko". Aukera hau mahai gainean du egun udal gobernu taldeak. Orain ordea, Diputazioak egingo duenaren zain geratu behar.

Bitarte honetan, murrizketa hauen aurkako mozioa onartu du aho batez udalbatzak. Argi dio; "bat egiten dugula herritarrek azaldutako kezka eta kexekin, eta ondorioz, gure esku dagoen guztia egingo dugula herritarren eskubideak bermatu daitezen". Horregatik, "dei egiten diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari, herritarren kexak aintzat hartu eta emakida berrian murriztutako T2-BU2 linea, lehengo baldintza berdinetan berrezar dezan, abiapuntua Usurbilen berrezarriz Lasarte-Orian beharrean".

Hemen aipatu mozioaren edukia osorik:


BURUNTZALDEKO AUTOBUS LINEAKO EMAKIDAREN INGURUKO MOZIOA
Hilabete hasieran indarrean sartu den Buruntzaldeko autobusen emakida berriak murrizketa ugari ekarri ditu berarekin. Murrizketa hauek oso esanguratsuak izan dira eta hainbat herritan izan dute eragina.

Usurbilen kasuan, ezer baino lehen azpimarratu beharra dago betidanik izan dugula garraio publiko oso prekarioa eta mugatua. Eskualdeko hainbat herrirekin lotura zuzenik ez dugu, eta indarrean dauden lineatan, autobus zein trenaren maiztasunak oso eskasak dira.

Buruntzaldeako autobus-zerbitzuaren emakida berria indarrean sartuz geroztik, gainera, egoerak nabarmen egin du okerrera. Buruntzaldeako herriekin lotzeko orain arte bi autobus linea genituen: Usurbil eta Hernani lotzen zituena eta Usurbil-ospitaleak lotzen zituena. Orain, ordea, linea bakarrarekin utzi gaitu Gipuzkoako Foru Aldundiak, hots, ezabatu egin dute Usurbil eta Ospitaleak zuzenean lotzen zituen linea. Hau da, zerbitzua %50ean murriztu diete Usurbilgo herritarrei.

Asko dira, erabaki honen ondorioz, udaletxera hurbildu diren herritarrak egoera hau salatu eta konpon dadin eskatuz. Horietako batzuk ospitaleko edo onkologikoko langileak dira. Beste batzuk, berriz, halabeharrez, ospitaleko zerbitzuren bat erabili beharra suertatu zaienak edo besterik gabe, ospitalera senitartekoren bat bisitatzera joan behar dutenak.

Ez genuke ahaztu nahi afera hau urrutitik datorrela. Emakida berri hau osatzeko prozesua aspaldi hasi zen, duela hiruzpalau urte, eta hasiera batean bi lineak kentzea proposatzen zuen Diputazioak. Asmo horrek usurbildarren eta Usurbilgo Udalaren haserrea eragin zituen: horren lekuko, oso egun gutxitan, 2.000 herritarrek alegazioak aurkeztu zituztela. 

Entzungor egin die, ordea, Diputazioak usurbildarren eskakizunari, eta ospitaletako linea kendu dute. Eta gure ustez, ez da edozein linea. Linearen izaera soziala azpimarratu behar da. Izan ere, ospitaletan zerbitzu publiko bat eskaintzen den aldetik, hara iristeko irisgarritasun eta mugikortasun publikoa bermatu behar zaie herritar guztiei. Inor ez da gustuz joaten ospitalera, halabeharrez joan behar izaten dugu: lanera edota gaixoren bat zaintzera. Ondorioz, erabiltzaile asko eta asko emakumeak dira eta gizarte sektore ahulenei eragiten die murrizketa honek.

Beraz, genero eta klase aldagaiek garrantzia berezia hartzen dute afera honetan.

Edozein kasutan, nabarmendu nahi dugu ikusi dugula Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako sailetik borondatea egoera birbideratzeko. Nahiz eta berandu iritsi, eskertzekoa da elkarlan-eskaintza. Pasa den astean egin bileran, departamenduak asmoa eta borondatea azaldu zuen usurbildarrei ospitaletarako lotura bermatu ahal izateko BU02 linea egokitzeko, irailetik aurrera. Irtenbideak bilatzeko eta egoera konpontzeko gure prestutasuna argia izango da.

Dena den, aurrez azaldutako guztia kontuan izanda, dagoeneko gure herrikideak murrizketak jasaten ari direla jakinda eta murrizketa hauen aurka udalean ia 900 sinadura erregistratu dituztela ikusita, Usurbilgo udalbatzak honako hau adierazi nahi du:
1-Bat egiten dugula herritarrek azaldutako kezka eta kexekin, eta ondorioz, gure esku dagoen guztia egingo dugula herritarren eskubideak bermatu daitezen.
2-Ospitaleak oinarrizko gizarte zerbitzu bat direla, eta ondorioz, edozein herritarrek bertara garrraio publikoan iristeko eskubidea, funtsezko eskubide bat dela.
3-Horregatik, dei egiten diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari, herritarren kexak aintzat hartu eta emakida berrian murriztutako T2-BU2 linea, lehengo baldintza berdinetan berrezar dezan, abiapuntua Usurbilen berrezarriz Lasarte-Orian beharrean.
4-Udal ordezkarien eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lantalde bat eratzea eskatzen du, herritarrek azaldu dituzten kexak eta zerbitzuaren gabeziei erantzuteko eta horiek konpontzeko.