#udalbatzarra

Zapategi eremuko egitasmoa gauzatzeko bidelagun berria

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 21a, 09:56

Dakizuenez, Elkar eta Gureak Michelin ondora, Zapategi eremura ekartzekoak zituzten egoitza nagusiak, baina covid19aren pandemiak eragindako testuinguru sozioekonomiko zailagatik, halabeharrez Elkarrek beste gune bat aurkitu behar izan du. Proiektua zertan geratuko zen, argitzeke zegoen; hilabeteotako elkarlanak ordea bere emaitza izan du. Astearte honetako udalbatzarrean Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak berri eman duenez, Balfer izeneko inbertsorea izango da egitasmo hau garatzea ahalbidetuko duen bidelagun berria.

Astearteko udalbatzarraren amaieran eman zuen alkateak albiste garrantzitsu honen berri. Michelin ondoko lursailean kokatzekoak ziren berez Elkar eta Gureak. Urte hasieratik dakigun moduan ordea, "Elkarrek ez du aurrera egingo, Zapategiko proiektutik atera behar izan zuen", Agurtzane Solaberrietak osoko bilkuran oroitarazi zuenez. 

Kolpe gogortzat jotzen zuen halabeharrez, covid19aren pandemiaren eraginez, Elkarrek hartu behar izan zuen erabakia, bai aipatu lantegiarentzat, "Usurbil eta Gipuzkoarentzat" ere. Ondorioz, "beste irtenbide bat topatzera behartuak" zeudela adierazi zuen alkateak. Esan eta egin; hilabeteotako elkarlanak bere emaitza izan du. Batetik, Gureak zegoen; Zapategira etortzeko asmoari eutsita. Ekaina amaieran izandako Administrazio Kontseiluan berretsi zuten erabakia.

Eta orain, bidelagun berria topatu dute; Balfer izeneko inbertsorea. Besteak beste, Andoaingo sarreran kokatua dagoen industriagunearen sustatzailea. Zapategiko partzela zati bat garatzeaz arduratuko da. 

Hitzarmena irailerako
Orain arte eginiko lanketarekin zer gertatuko den ere argitu du alkateak. Bide honetan egin diren hainbat txosten baliagarriak izango dira aurrerantzean ere, baina prozedura berriz hasi beharko dute Udalak berak, Gureak-ek, Balfer inbertsoreak eta Michelinek. Udal gobernu taldetik iragarri zutenez, asmoa, iraila amaierako udalbatzarrera lau eragileon arteko lankidetza hitzarmena eramatea litzateke.

Egitasmo honekin "degradaturiko eremuari hirigintza irtenbidea ematea" ahalbidetuko dela nabarmendu zuten udal gobernu taldetik, 800-900 lanpostu sortzea bultzatzearekin batera.

"Dena jarri dugu gure aldetik aurrera ateratzeko", adierazi zuen alkateak, urte hasieran EAJ-k eginiko adierazpenei erantzunez. Udal gobernu taldearen kudeaketa desegokiaren ondorioa izan zela baitzioten jeltzaleek, Elkarrek Zapategiko proiektutik irteteko hartutako erabakia.