#udalbatzarra

Kalezarko adinekoen auzuneko eraikigarritasun eremua handituko du Udalak

Eraikigarritasuna handituta, Kalezarko eremu hau zaintzarako bizi osorako etxebizitzak eraikitzeko baliatu nahi du Usurbilgo Udalak. Erabakia astearte honetako udalbatzarrean hartu dute.

Ondoko irudietan ikus dezakezuen moduan, Kalezarko adinekoen auzunea abiada bizian eraikitzen doaz, itxura ederra hartzen ari da eta nola gainera. Eta hazten segiko du, astearteko udalbatzarrean udal gobernu taldetik berri eman zutenez.

Zonalde honetako eraikigarritasun eremua handitzea erabaki du udalbatzak aho batez. Zehazkiago esanda, Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-96 (Portalmusu) eta A-97 (Komentua) eremuen hirigintza eraikigarritasuna handitzeko Arau Subsidiarioen aldaketa puntualari hasiera ematea onartu dute astearte honetako osoko bilkuran, udalbatza osatzen duten hiru udal talde politikoek.

Zaintza beharrean diren bikoteentzat
Handitze honi esker auzune berria baliabide gehiagorekin indartu asmo dute. Besteak beste, jarduera fisikorako espazioa edota aparkalekuak kokatzea aurreikusten dute. Baina bada udal gobernu taldetik bereziki nabarmendu nahi izan zuten baliabide berri bat ere; bizi osorako etxebizitzena. Bikoteentzat zuzendua, bikote horretako kide bat zaintza beharrean dagoen kasuetara bideratuko dituztenak. Baliabide berri hau Kalezarren kokatzeko "aukera ikusten genuen" erabilera gabeko espazioa baduelako oraindik adinekoen auzune berriak. Lugaritzen martxan jartzera doaz Matia "bizi osorako alojamenduak". Udalak zaintzari buruzko EHU-ko udako ikastaroen bueltan, gonbidatua izan zen eta orain, Kalezarrera ekarriko duten egitasmo honen berri jaso zuen. 

Nahi eta beharrekin bat datorren eredua
Bistan denez, eta astearteko udalbatzarrean alkateak zioen moduan, "sozialki eta urbanistikoki aitzindaria, berritzailea" izango da Kalezarren eraikitzen ari diren adinekoen auzune berria. Usurbildarrek izango dute lehentasuna bertan. 

Egitasmo hau garatzen ari diren unea nabarmendu zuten udal gobernu taldetik. Lehendik ere bazen baina covid19ak are ageriagoan utzi duen zaintza ereduari lotutako eztabaida ezin biziagoa dagoen unean dator eta hain zuzen. "Premia eta urgentzia dago gai honi heltzekoa".  

Kalezarren bultzatu nahi duten egitasmoa ikuspegi horretatik berritzailea izango da. Helburu argi bat izango duena, sustatzaileek (Udalak eta Matiak)  hilabeteotan adierazi izan duten moduan; etxean zaindua izan ezin daitekeena, Kalezarreko auzune berrian etxean bezala sentiaraztea. "Pertsonen behar eta nahiekin bat datorren" arreta eredua eskaintzea.