Aldundiak Bizikleta Bideen Plana urratzen jarraitzen duela salatu du Eguzkik

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 22a, 09:31
Argazkiaren egilea: Eguzki.

Lasarte-Txikierdi arteko bidegorria eraikitzen hasi diren arren, Gipuzkoako Foru Aldundiak Bizikleta Bideen Plana urratzen jarraitzen duela salatu du Eguzkik ohar bidez.

"Aldundia Plana urratzen ari dela ez da Eguzkikoon iritzi edo irudipena. Foru teknikariek berek, lehen laurtekoa pasatuta egin zuten txosten batean, argi eta garbi utzi zuten, Aldundiak indar gehiago egin ezean, berez zortzi urtean gauzatu behar zen Plana hamazazpi urte beharko zirela gauzatzeko", ohartarazi du Eguzki talde ekologistak.

Gogorarazten dutenez, egun eraikitzen ari diren bidegorri zatia, hori, "zati bat baino ez da Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planak aurrekusten duen Donostia-Mutriku ibilbidean". Hemen Eguzkikoen oharra osorik:


Lasarte-Txikierdi bidegorria eraikitzen hasi dira, bazen garaia, baina Aldundiak Bizikleta Bideen Plana urratzen jarraitzen du
Lasarte-Txikierdi bidegorria behingoz eraikitzen hasi dira. Zati bat baino ez da Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planak aurrekusten duen Donostia-Mutriku ibilbidean.

Albiste ona, ezta? Planak aurrera egiten duen seinale, pixkanaka bada ere, ezta? Ez, ba, alderantziz baizik. Gure ustez, zerbait izatekotan, Foru Aldundiak Plana zer puntutaraino urratu duen eta urratzen jarraitzeko asmoa duen seinale da. Ikus dezagun…

Lasarte-Txikierdi (Usurbil) bidegorri txiki (kilometro bakarrekoa) eta apala da (ez du inolaz ere emango aurreko zatiak, Errekalde-Luzuriagak, ematen duen zerbitzua), baina, hori bai, begi bat gehiago izango da Bizikleta Bideen Planean aurreikusitako Donostia-Mutriku ibilbidearen katean.

Gogoratu Plan hori 2013ko ekainean onartu zutela aho batez Batzar Nagusietan ordezkatuta zeuden talde politiko guztiek. Planak zortzi urte aurreikusten zituen, bi laurtekotan banatuta, 2013-2017 eta 2017-2021, Planifikatutako Oinarrizko Foru Sarean egiteke dauden bidegorri-zatiak egiteko, hau da, Sarea behingoz osatzeko.

Bada, Plan horren arabera, Lasarte-Txikierdi zatia 2017rako amaituta egon behar zen eta Donostia-Mutriku ibilbidea, berriz, 2021erako oso-oso aurreratua. Alegia, Planaren jatorrizko exekuzio-epea kunplituta (ekainean kunplitu zen), Donostia-Mutriku ibilbidea osatzeko falta ziren tarteez hitz egiten aritzeko moduan egon beharko genuke, eta, aldiz, Lasarte-Txikierdi zatia behingoz eraikitzen hasi direlako hitz egiten ari gara. Honek agerian uzten du Foru Aldundiak zer puntutaraino urratu duen Plana. Eta Donostia-Mutriku ibilbideaz ari gara, baina Donostia-Irun edo Donostia-Beasain ibilbideetan diren atzerapen eta urraketez ere hitz egin genezakeen.

Baina Aldundia Plana urratzen ari dela ez da Eguzkikoon iritzi edo irudipena. Foru teknikariek berek, lehen laurtekoa pasatuta egin zuten txosten batean, argi eta garbi utzi zuten, Aldundiak indar gehiago egin ezean, berez zortzi urtean gauzatu behar zen Plana hamazazpi urte beharko zirela gauzatzeko.

Eta horixe da gertatzen ari dena. Foru Aldunditik etengabe goresten ari dira bizikletaren bertuteak, baina propaganda hutsa da. Beste alor askotan bezala, egiten dute egingo balute bezala, baina benetan egin gabe. Greenwashing hutsa. Iazko urriaren 28an, Rafaela Romero diputatuak urtea bukatu baino lehen (2020 bukatu baino lehen, alegia) pandemia-giroan Txirrindularien eta Oinezkoen Mugikortasuna Sustatzeko Premiazko Jarduketen Plan Integrala aurkeztuko zuela ere iragarri zuen. Gaur arte.

EGUZKI, 2021eko uztaila