Koronabirusa

Jardueren amaiera ordua 1:00ean, edukiera %35ekoa eta musukoa derrigorrezkoa hiriguneetan

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 22a, 19:32

Covid19ari lotutako agerraldiak azkar hedatzen doazen honetan, neurri murriztaileak indartzen dituen dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak, ostiral honetatik (uztailak 23) bertatik indarrean izango dena. 

Gauerdi honetatik aurrera neurri murriztaile berriak aplikatuko dira EAE osoan, baita beraz Usurbilen ere, Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen dekretua indarrean izango baita. LABI aholku batzorde teknikoaren bileraren ostean Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu ditu xehetasunak. Ostiral honetatik, uztailaren 23tik aurrera, ostalaritza jarduerak, baita kultur arlokoak zein gizarte eremukoen amaiera ordua ordubete aurreratuko da, goizeko 1:00etan finkatu du jarduera guztion itxiera edo amaiera ordua. 

Jardueron edukiera ere murriztu egingo da, %35ekoa izango beharko du gehienez jota, "lokal eta instalazio guztietan", ostalaritzakoak barne, "dagoeneko kontratatuta dauden jardueretarako izan ezik; eta, gainera, murriztu egin da gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietako gehieneko pertsona-kopurua".

Derrigortasun handiagoa
Beste neurri bat; musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da, herritarren joan etorriak dauden hiriguneetan. "Gainera, ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan nahitaez eta uneoro erabili behar da maskara, barrualdeetan zein terrazetan, salbuespen bakarra elikagaiak edo edariak hartzeko unea da", ohartarazi du Eusko Jaurlaritzak.

Gasteizko gobernutik herritarrei zuzenduriko eskaera gehiago. "Kutsatze-kasu batek edo kontaktu estuek nahitaez lagundu behar dute kutsatzeen miaketan. Dekretuak konfinatzeko edo berrogeialdia egiteko betebeharra ere ezartzen du, agintarien eta osasun-zerbitzuen jarraibideak betez".

Bilkurak eta gaueko mugikortasuna murrizteko deia
Borondatez betetzea galdegiten duten neurri gehiago, "autolimitazio boluntarioa" delakoa betetzea eskatzen du Eusko Jaurlaritzak; gauez, 1:00-06:00 artean mugikortasuna mugatzea, bilkurak sei lagunekoak izatea, edota "autokonfinamendua eta autoisolamendu pertsonala, lehen sintomak izan bezain laster; baita osasun-zerbitzuekiko komunikazioa ere".

Lehen agertokian gaurkoz
Neurri berriok betetzeko enegarren ahalegina egitea eskatu die lehendakariak herritarrei. "txertaketa-ehuneko txikia eta harreman sozial handia duten adin-tarteetan transmisio oso handia gertatzen ari dela, aurreko olatuetan baino handiagoa", ohartarazi du Urkulluk. "Hala ere, 65 urtetik gorakoei eragindako kalteak, ZIUko okupazioak edo heriotzak pandemiaren aurreko faseetan baino eragin txikiagoa izan dute".

Hau guztia zenbakitan azaldu du; 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia metatua 682 kasukoa da EAE-n, 1.081ekoa 30 urtetik beherakoen artean. 146koa baino ez 65 urtetik gorakoen artean. Delta aldaerarenak dira kasu berrien hiru laurdena baino gehiago. "Infekzio-ahalmena aurreko aldaerak baino nabarmen handiagoa da". Ospitaleetako ohe eta ZIU-ko okupazioa handitzea ekarri du egoera honek. Halere gaurkoz, "ESI guztiak Osakidetzaren Kontingentzia Planaren lehenengo agertokian mantentzen dira”. 

Txertoa jotzen dute egoera hau iraultzeko tresna eraginkortzat. 16 urtetik gorako %76ak dosi bat du, %63ak jarraibide osoa.