Ur bizien kanala Orbeldin

Agurtzane Solaberrieta: "Arduraz aritzeko eta errespetu instituzionala gailentzeko deia egin nahi dut"

Noaua Aldizkaria 2021ko abu. 6a, 11:12

Orbeldiko presaren bueltan eraiki asmo dagoen ur bizien kanalaren proiektuaren harira ezagutzera eman diren hainbat datuen aurrean, argibideak eskaini nahi izan ditu Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak.

Santuenearen etorkizuna elkarlanean eraikitzeko udazkenean abiaraziko duten parte hartze prozesuari buruzko ekaineko aurkezpenean aipamen txiki bat baino ez zuen egin udal gobernu taldeak; Orbeldiko presan, Gipuzkoako piraguismo federazioak haien jardunerako ur bizien kanala sortzeko proiektu baten lanketan dela.

Azken egunotan hedabide batek proiektu honi buruzko xehetasunak eskaini ditu. Harridura eta Udalarekiko begirune eza agertu du Usurbilgo alkateak. "Harrituta gaude ur bizien kanalaren proiektuari buruz egunotan entzun eta irakurri ditugun albisteekin. Denak ari dira Usurbilgo Udalaz hizketan, baina inork ez digu deitu ezer kontrastatzeko (soilik Berriak)", adierazi du sare sozialen bidez Agurtzane Solaberrieta Mesak. 

"Kirol kontestua (bide batez, zorionak Maialen Chourraut) bikaina izan arren halako proiektu baten berri emateko, begirune eza erakutsi duzue proiektu hau eguneroko tramitazioan babesten eta laguntzen ari den Usurbilgo Udalarekiko", gaineratu du alkateak.


"Proiektua egokitu behar da"
Obren hasiera 2022ko maiatzerako finkatzen du aipatu hedabideak argitara emandako albisteak. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak berresten du aurreikuspena. Baina "arinki egindako iragarpenak dira" dio Solaberrietak, "tramitazioaren egoera zein den ezagutu gabe". Arduragabetzat jotzen du alkateak halako iragarpena egitea, "oraindik orain, beste administrazioek ezarritako baldintzengatik egokitu beharrekoak ez direlako gutxi".

Egitasmoa zertan den zehaztu du alkateak. "Plan bereziari hasierako onarpena eman diogu udalean. Jaurlaritzaren COTPV batzordeak ere aldeko txostena igorri berri digu, baina aurrera egiteko, hainbat baldintza zehazten ditu, ez nolanahikoak gainera, eta, orain, ezinbestean, proiektua egokitu behar da. Confederazioak berak ere badu zerasana oraindik, eta Foru Aldundiak interes orokorreko izendatu behar du proiektua. Beraz, urrats urbanistiko horiek guztiak onartu arte, udalak ezin du behin-betiko onarpena eman. Exekuzio proiektua onartu eta gero emango litzateke obra baimena".

Horrekin batera, "Piraguismo Federazioarekin duela hilabete inguru izandako bileran alderdi publikoaz hizketan aritu ginen eta proiektuak aldeko txosten guztiak izan arte itxarotea erabaki genuen. Beraz, zertara dator hau guztia?".

Arduraz jokatu eta "errespetu instituzionala" gailentzeko deia egin du Usurbilgo alkateak, "dominaren pozak eta neurrigabeko presak ez dezaten ezkutatu zein den proiektuaren benetako egoera. Udalean elkarlanean ari gara une oro federazioarekin. Nahi duenarekin ere halaxe aritzeko prest gaude".