Ekainaz geroztik Usurbilek errepresaliatu politikorik ez du, Euskal Herriak ordea bai eta "euskal preso politikoak etxera ekarri arte mobilizatzen jarraituko dugula berretsi nahi dugu", adierazi zuen Sarek ekaineko azken ostiraleko mobilizazioan.
Hilero moduan, elkarretaratzea deitu du ostiral honetarako ere, abuztuak 27, ohiko ordu eta tokian; 20:00etan Mikel Laboa plazan. Hitzordua, udan zehar Sarek antolaturiko "ibilian-ibilian etxerako bidean" dinamikaren ostean dator. Gipuzkoa mailakoa amaitutzat eman zuten iragan asteburuan Donostian egin zen manifestazioarekin. Tartean, uztailaren 23ko asteburuan Usurbil ere zeharkatu zuen bizikleta martxa ospatu zen. Eskakizun nagusi bat ekimen guztiokin; salbuespenezko espetxe politika amaitzea, "zuon guztion indar eta bultzadaz". Eta honenbestez, adineko presoen nahiz larriki gaixo direnen etxeratzea, 29 emakumezko presoren "zigor bikoitza" amaitzeko eskatzen ari dira, eta haien bakartze eta urruntzea behingoz amaitzea. Baita haurren eskubideak eta familiarako eskubidea erdigunean jartzea, familia izatea erabakitzen duten presoen kasuan.
"Ez gaitezen geratu, segi dezagun mugimenduan", adierazi zuten iragan asteburuko Donostiako manifestazioaren amaiera ekitaldian. Datozen hilabeteotarako ekimen gehiago antolatzekotan dira, besteak beste, urriaren 23an mobilizazio orokorra Gipuzkoako hiriburuan bertan.