Aurten kide gutxiago, baina hamarkada luzeetako usadioari jarraituz, abuztuko azken osteguna baba beltz txikiari gorazarre egiteko ospakizunaren bueltan bildu dira Saizar Sagardotegian, helburu horretarako sortu zen kofradiako kideak.
Baba beltz txikia nagusi zuen bazkaria dastatu eta bazkalostean, kofradia kide berri bat izendatu zuten, kofradiako ereserkia abestearekin batera; Justo Pulido herritarra. Kapa beltza eta Baba beltz txikiaren ezaugarriak goraipatu zituen. 2022. urteko ediziorako kide berria ere nor izango den iragarri zuten; Egioletako Txomin Alkorta. Guztiek gogoan, kofradia sortzen sustapen lanetan jardundako Felix Sarasola.
Eta albiste honi atxikitako talde argazkia atera zuten. Baba beltz txikiak ez du jarraitzaile faltarik Usurbilen, lau hamarkada luzeko ibilbideak erakutsi duen moduan. Urtero biltzen dira, abuztuko azken ostegunean, jaki eder honi gorazarre egiteko festara.
Tradizio luzea
Lau hamarkadako ibilbidea egina du jaiak. Baba txikiari gorazarre egiteko urteroko bilkurak ezinbestekoak diren bi osagai ditu; batetik otordua bera, menua. Bestetik, bazkalostean duela hogei bat urtetik egin ohi duten erritu modukoa. Bazkariari dagokionez, produktu izarra baba beltz txikia dugu. Eta bazkalostean dator, nolabait esatearren, eguneko une gorena. Kantu giroan urtero kofradiako kide berri bat izendatzen dute, urtebete barrurako kide berria nor izango den iragartzearekin batera. Hautatutakoari kapa eta txapela jarriz, zin egiteko moduko ospakizuna burutzen dute, lurra lantzeko tresna baten, laiaren laguntzaz.
BABA BELTX TXIKIA
Gora baba beltx txikia,
andazpetarron gloria, bai!
Txiki izanarren, nor da gaur hemen
zu bezain handia?
Gora ditzagun zure dohainak:
koloria, armonia eta "tirrit eta tarrat"
zuk sortzen duzun sinfonia.
A zer nolako jakia
babatxo beltx txikia!
Platerkada bat, platerkada bi
bata bestearen atzetik,
atera hitzak, atera, Felix,
atera babak eltzetik!