Zenbait diru-laguntzen ebazpenak argitaratu ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2021ko abu. 30a, 08:06

Zenbait udal diru-laguntzei lotutako ebazpenak argitaratu ditu Usurbilgo Udalak azken asteotan, gehienak Gizarte Zerbitzuen arlokoak. Eskabideak udaberrian aurkeztu ahal izan zituzten interesdunek.

Igogailuak instalatzeko
Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak uztailaren 29an egindako bilkuran igogailuak instalatzeko apirilaren 7tik maiatzaren 5era herritarrek eginiko diru-laguntza eskaera hainbat onartzea erabaki zuen. Abuztuaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Udalak aipatu laguntzon ebazpena.

Etxebizitzen alokairurako
Aurtengoan etxebizitzak alokatzeko Usurbilgo Udalaren diru-laguntza lerrora 7 eskabide aurkeztu zituzten herritarrek, Udalak apirilaren 7tik maiatzaren 5era finkatua zuen tartean. 5 onartu zituen Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak uztailaren 29an egindako bilkuran. Erabaki haren ebazpena abuztuaren 10eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean plazaratu zuen Usurbilgo Udalak.

Deserrotze eta baztertze sozialeko arriskuan dauden pertsonen senideei erantzuteko
Aurtengoan ez da arlo honetako udal diru-laguntza eskaerarik aurkeztu, Usurbilgo Udalak horretarako apirilaren 7tik maiatzaren 5era finkatu zuen epealdian. Hala berri eman zuen Udalak abuztuaren 17ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko iragarkiak.

Desgaitasuna edo mendekotasuna duten adin txikikoen osasun egoera hobetzeko tratamenduetarako laguntzak
Bi eskaera dira Usurbilgo Udaleko Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak uztailaren 29an egindako bilkuran onartu zituenak. Erabaki honen ebazpena abuztuaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratu zuen Usurbilgo Udalak. 

Gizarte Zerbitzuetako egitasmoetarako
Apirilaren 7tik maiatzaren 5erako tartean eskabideak aurkeztu zituzten 14 eragileren jarduna diruz laguntzea erabaki zuen Dirulaguntzen Batzorde Orokorrak uztailaren 29an egindako bilkuran. Gizarte Zerbitzuen arloko proiektuez ari gara. Erabaki honen ebazpena abuztuaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen Udalak. Gipuzkoa mailan lanean diharduten 14 eragile hauek dira Udalak diruz lagunduko dituenak:
-AGIPASE (krisi egoeran dauden Gipuzkoako familiei laguntzeko elkartea).
-AECC GIPUZKOA (Minbiziaren aurkako elkartea).
-AGI (Gipuzkoako Ikusmen Urria dutenen elkartea).
-AGIAC (Gipuzkoako antikoagulatu elkartea).
-AGIFES (Buru eritasuna duten pertsonen familien elkartea).
-ALCER (Giltzurruneko gaixotasuna duten pertsonen Gipuzkoako elkartea).
-ASPACE GIPUZKOA (Garun paralisia duten pertsonei laguntzeko elkartea).
-ATECE GIPUZKOA (Traumatismo Kraneo-enzefalikoa eta burmuineko kaltea duten pertsonen Gipuzkoako elkartea).
-ATZEGI (Adimen urritasuna duten eta bere familien bizi kalitatea hobetzeko elkartea).
-GAUTENA (Gipuzkoako pertsona autisten gurasoen elkartea).
-Gipuzkoako Elikagaien Bankua.
-Izan Fundazioa.
-Ortzadar Elkartea (Adimen Limitedun Pertsonen Aldeko Gipuzkoako Elkartea).
-Pausoka (Behar bereziak behar dituzten haurren gurasoen elkartea).