Koronabirusa

Dekretu berria iragarri du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2021ko abu. 30a, 11:57

Asteazkenetik, irailaren 1etik jarriko dute indarrean. Aldaketa esanguratsu bakarra dakar Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriak; edukiera mugei dagokienean aldaketak, zenbait jardueretan.

Covid19ak eragindako pandemiari aurre egiteko enegarren dekretua onartu berri du Eusko Jaurlaritzak. Asteazkenetik, irailaren 1etik aurrera izango da indarrean. Gasteizko gobernuaren esanetan, erabakigarritzat jotzen dute bizi dugun une hau, "bosgarren olatua" deitu diotena gainditu eta seigarren bat saihesteko. "Tentsio soziala mantentzeko" beharra azpimarratu du Gotzone Sagardui Jaurlaritzako osasun sailburuak.

Edukiera muga berriak ezartzea erabaki dute hainbat jardueretan. Hemen dekretu berriak asteazkenetik aurrera indarrean jarriko duen neurri sorta:
- Jarduera guztietan baimendutako gehieneko edukiera %60koa izango da lokal eta instalazio guztientzat, muga espezifiko bat aplikatzen den kasuetan izan ezik.
-Edozein motatako gizarte-, kultura- edo kirol-ekitalditarako esparruetan gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barnealdeetan eta 800 pertsona kanpoan. 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, barnealdeetan 800 pertsonako gehienez eta kanpoan 1.200 pertsona. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan, gehieneko edukiera ezin izango da %30 baino handiagoa izan, betiere prebentzio-neurri orokorrak betez.

- Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetan, gehienez edukieraren %50 bete ahalko da barruan. Zerbitzua, barnealdeetan zein terrazetan, gehienez 8 lagunekoa izan daiteke mahai bakoitzeko edo mahai talde bakoitzeko, bizikideen kasuan izan ezik.

- Barran edo zutik kontsumitzeko debekuari eusten zaio, barruan zein kanpoan. Arau horiek berak aplikatuko zaizkie joko-lokalei eta txokoei edo elkarte gastronomikoei.

-Indarrean jarraituko du merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak goizeko 1:00ean ixteko muga-ordutegiak, bata III. eta IV. taldeetan sailkatutako gazte-lokalen eta gaueko aisialdiko establezimenduen itxierak ere.

 - Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren abuztuaren 3ko autoaren arabera, zuzendu egiten da hondartzetako eta igerilekuetako joan-etorrietan eta ibilaldietan maskarak erabiltzeari buruzko atala. Hau da,nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea pertsonen arteko gutxieneko distantzia etengabe mantentzea ezinezkoa denean.