Koronabirusa

Iazko prebentzio neurriei eutsiko diete ikastetxeek

Noaua Aldizkaria 2021ko abu. 30a, 10:30

Covid19ak baldintzaturiko bigarren ikasturtera begirako protokoloa prestatu eta helarazi die Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ikastetxeei. Hein handi batean, iazko prebentzio neurriei eutsiko zaie.

Ate joka dugu 2021-22 ikasturte berria. Irailaren lehenean itzuliko dira ikastetxeetara langileak. Datorren astean izango da ikasleen txanda. Bigarren urtez, covid19ak baldintzaturikoa izango da honakoa ere. Eusko Jaurlaritzak prest du guneok bete beharko duten protokoloa, astelehen goiz honetan bidali dute hezkuntza zentroetara. 

Iazko "ia neurri guztiak" bere horretan mantentzen ditu aurtengoak ere. "Beraz, ikasturte honetan ikastetxeetan jarraituko dute segurtasun-distantziek (1,5 m), higiene-neurriek, aireztapen egokiak, kontaktu mugek edo maskarek". Horrekin batera, "berrikusitako dokumentu berriak 12 urtetik gorako ikasleen txertaketa-prozesua ere azpimarratzen du, gaixotasunaren prebentzioan garrantzi eta eraginkortasun handiko neurri gehigarri gisa".

Taldekatzeak ikasgeletan
Lehen Hezkuntzan, "gela bakoitzaren barruan 4 edo 5 ikasleko azpitalde egonkorrak osatu ahal izango dira", dio Hezkuntza Sailaren protokoloak. DBH-ko lehen bi mailetan "3 edo 4 ikasleren taldekatze egonkorrak" bideratu ahalko dira. "Taldekatze horien arteko distantzia 1,5 metrotik gorakoa izango da, eta egonkor mantenduko dira gutxienik 10 egunetik gorako oporraldiak igaro bitartean".

Eskolaz kanpoko jardueren atala "osatu eta garatu" duela ere berri eman du Hezkuntza Sailak, arlo honetan lanean dabiltzan eragileen eskariz eta "jarduera hauek berme osoz garatzen hasi ahal izan daitezen ikasturte berrian. Dokumentu berrian jasotako neurri orokor horiek lagungarriak izango dira eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen dituzten erakundeek beren protokoloak gara ditzaten".

Euskara ikasteko Barnetegiak ere berriz martxan jarriko dituela iragarri du Hezkuntza Sailak. Protokolo berriak, "propio sortutako eranskin bat" du eremuontzat.

Dirutan, 160 milioi euro bideratuko ditu Hezkuntza Sailak EAE-ko ikastetxeetara, "baliabide gehigarrietarako. Era berean, beste 37,5 milioi euro bideratuko ditu itunpeko ikastetxeetara, Covid-19ren prebentzio-protokoloak aplikatzearen ondoriozko gastu gehigarrietarako".