Palestinaren aldeko muralaren txikizioa salatu du Tadamunek

Noaua Aldizkaria 2021eko abuztuaren 31

Askatasuna plazan kokatua dagoen murala txikitu dutela salatu du Tadamun elkargune internazionalistak. Mikel Laboa plaza ondoko zuhaitz batek ere amaiera bera izan du asteburuan.

"Tristura eta amorrua dira gaurko egun honetan gailentzen zaizkigun sentimenduak", adierazi du Tadamun elkargune internazionalistak sare sozialen bidez. Iragan asteburuaren ondotik txikituta esnatu da Palestinaren alde, duela urtebete Askatasuna plazan ezarri zuten murala. "Abuztuko azken larunbat gauak horrela utzi du edo gauak eskaintzen duen babesean horrela utzi dute Palestinaren aldeko murala, txikituta!", salatu dute.

Murala berritzeko konpromisoa erakutsi nahi izan diote halere, sortze lana kaltetu duenari. "Zorionekoa zu, izan txakur, sionista edo mozkorra, lortu duzu zure garaipen txikia. Baina jakin ezazu gurekin jai duzula. Apurtu duzu murala, baina, berriro jarriko dugu. Gure maitasuna zure gorrotoa baino haundiagoa delako eta Palestinak eta palestinarrek merezi duelako".

Amaiera bera
Muralaz gain, iragan asteburuan ere amaiera bera izan zuen ondoko irudiko zuhaitzak ere. Mikel Laboa plaza ondoan landatua dagoen zuhaitzaz ari gara.