Irailarekin batera, "prezipitazio handiagatik" abisu horian

Noaua Aldizkaria 2021eko irailaren 1a

Asteazken eguerditik ostegun gauerdira abisu horian izango gara "prezipitazio handiagatik". Ekaitz giroa espero da gurean, bereziki arratsalde partean, Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez.

Euskalmet meteorologia agentziak ohartarazi duenez, abisu horian izango gara asteazken eguerdiko 12:00etan hasi eta ostegun gauerdira arte, "prezipitazio handiagatik". Aipatu agentziaren arabera, "EAE-ko zenbait tokitan baliteke ordubetean 15 l/m² baino gehiago pilatzea, bereziki barnealdeko zenbait tokitan; bertan baliteke ordubetean 20 l/m² baino gehiago pilatzea. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu, zenbait tokitan baliteke handiak izatea eta txingorra botatzea, bereziki barnealdean. Ekaitz-guneetan haize-bolada gogorrak izan ditzakegu".

Bihar (irailak 2) egun osoz ere abisu horiaren eraginpean segiko dugu. "EAE-ko zenbait tokitan baliteke ordubetean 15 l/m² baino gehiago pilatzea. Zaparrada ertainak eta trumoitsuak botako ditu, zenbait tokitan baliteke handiak izatea eta txingorra botatzea. Ekaitz-guneetan haize-bolada gogorrak izan ditzakegu", ohartarazi du Euskalmet-ek.

Usurbilgo iragarpena
Usurbilen gaur (irailak 1), "zerua hodeitsu egongo da, bero-hodeiekin. Zaparrada trumoitsuak botako ditu egunaren bigarren partean; orduan handiak izan daitezke eta txingorra bota dezake. Eki-osagaiko haizea; ipar-ekialdekoa nagusituz. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez".

Ostegunean (irailak 2), "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu, baliteke zenbait tokitan handiak izatea eta txingorra botatzea, bereziki goizaldean eta egunaren bigarren partean. Hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da. Egunaren bigarren partean ipar-ekialdera aldatuko da. Azken orduetan haize aldakorra izango da. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa igoko dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Ostiralean (irailak 3), "zerua tarteka hodeitsu egongo da. Bero-hodeiak garatuko dira arratsaldetik aurrera; orduan baliteke zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botatzea. Haize aldakorra eta ahula ibiliko da, ipar-osagaikoa nagusituz eguneko erdiko orduetan. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira eta maximoetan aldaketarik ez".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus