Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzaren azken dekretua indarrean gaurtik

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 1a, 12:07

Bereziki edukiera mugak handitzea baimentzen duen dekretua indarrean du gaurtik (irailak 1) Eusko Jaurlaritzak EAE osorako, baita beraz, Usurbilerako ere.

"Asmoa da indarrean dauden zenbait neurri indartzea eta neurri horiek garatzen diren esparru eta instalazioetan baimendutako gehieneko edukiera berrikustea", hala dio Eusko Jaurlaritzak uztailaren 7an onartu eta eguneratu berri duten covid19ari aurre egiteko dekretuak. 

Astelehenean aurkeztu zuten, asteartean argitaratu zuen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta gaurtik (irailak 1) indarrean da jada. Aipatu moduan, oraingoan bereziki edukiera mugak dira aldatzen direnak. "Jardueretan baimendutako gehieneko edukiera ehuneko 60koa izango da lokal eta instalazio guztietarako, muga espezifikoren bat aplikatu behar duten lokal eta instalazioetarako izan ezik. Lokal eta instalazio guztiak etengabe aireztatu beharko dira. Garraiobideek berariazko araudian baimendutako edukiera osatu ahal izango dute".

Prebentzio neurriei eusteko deia
Ostalaritza guneetan, gehieneko %50eko edukiera muga ezarri dute. Mahai bakoitzaren bueltan, 8 lagun bildu ahalko dira gehienez. Gizarte, kultura nahiz kirol arloetako ekitaldietan, barne espazioetan gehienez 600 pertsona bildu ahalko dira, 800 gehienez kanpoaldean. Baina "1.600 eta 5.000 lagun arteko edukiera duten esparruetan, gehienez 800 pertsona egon daitezke barruan, eta 1.200 kanpoan". Aldiz, "5.000 lagunetik gorako edukiera duten esparruetan, ez da gehieneko edukieraren ehuneko 30 gaindituko. Ahal den guztietan, 1.000 pertsona baino gutxiagoko eremu independenteak ezarriko dira, sarbide eta pasabide independenteko guneekin".

Halere prebentzio neurriei eustea eskatzen dute: "maskara aire zabaleko espazioetan erabiltzea nahitaezkoa izango da, pertsonen arteko gutxieneko 1,5 metroko distantzia etengabe mantentzea ezinezkoa bada". Eta gaueko mugikortasuna, bilkuretako pertsona taldeak mugatzea aholkatzen segitzen dute. Baita "autokonfinamendua eta autoisolamendu pertsonala ezartzea, COVID-19 kutsaduraren lehen sintomak izan bezain laster, eta, hala badagokio, osasun-zerbitzuekin harremanetan jartzea".

Dekretua bere osotasunean, hemen: Eusko Jaurlaritzaren dekretua