Koronabirusa

Dekretu berrituak sor ditzakeen zalantzak argitzeko dokumentua eguneratu dute

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 2a, 12:09

Covid19aren hedapenari aurre egiteko indarrean da Eusko Jaurlaritzaren dekretu berritua asteazkenaz geroztik. Dekretuak sor ditzakeen zalantzak argitzeko dokumentua eguneratu dute.

MASKARAREN ERABILPENARI BURUZKOA
1. Noiz da derrigorrezkoa maskara erabiltzea?

Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da, betiere pertsonen arteko gutxieneko 1,5 metroko distantzia etengabe mantentzea ezinezkoa bada. Ondorioz, maskara erabili beharra mota guztietako hiriguneetara hedatzen da, hala nola udalerrietako alde zaharrak, merkataritza-gune eta dendak, merkatuak, azoka txiki edo ostalaritza-establezimenduak dauden guneak, bai eta itsas espazio eta pasealeku guztiak, haur-parkeak, espaloiak, oinezkoentzako pasabideak, plazak edo jendea biltzen den kaleak ere. Ez da erabili behar ingurune naturalean, baldin eta ez bada jende pilaketarik edo bizikiderik gabeko pertsonekiko konkurrentziarik gertatzen.

2. Nahitaezkoa al da ostalaritzako establezimenduetan maskara erabiltzea?
Bai. Ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta zerbitzuetan, maskara erabiltzeko betebeharra jateko edo edateko unean bakarrik kentzen da. Bestela, nahitaez erabili behar dira uneoro, bai barrualdeetan, bai terrazetan.

3. Kendu dezaket maskara kirola egiten dudanean?
Edozein kirol-jardueratan ez da nahitaezkoa izango espazio naturaletan, oinezkorik gabeko hiri-ingurune periferikoetan, igerilekuetan, lehiaketa profesional edo erdiprofesionalean murgildutako taldeen entrenamenduetan eta lehiaketetan eta kanpoko jarduera fisiko biziko ezohiko uneetan.

4. Derrigorrezkoa al da maskara erabiltzea hondartza eta igerilekuetan?
Hondartzetan eta igerilekuetan, bainua hartzen ari garen bitartean eta eremu zehatz batean bagaude, ez da beharrezkoa izango maskara erabiltzea, betiere erabiltzaileen arteko segurtasun-tartea errespetatu badaiteke. Hondartzetan eta igerilekuetan, joanetorriak egiteko eta paseatzeko, maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da pertsonen artean 1,5 metroko gutxieneko distantzia etengabe mantendu ezin denean.

5. Derrigorrezkoa al da maskara erabiltzea garraioa erabiltzen denean?
Sei urtetik gorakoek nahitaez erabili behar dituzte maskarak, edozein garraiobide erabiltzen denean, bidaia hasten denetik amaitzen den arte, salbuespen-kasu legaletan izan ezik. Ez da exijituko maskara erabiltzea garraio pribatuan, bidaiariak etxebizitza berean bizi badira. Garraio-profesionalak maskara eraman beharko du zerbitzuan dagoen bitartean, bere lan-eremua gelaxka batean edo babes-manpara batez mugatutako gela batean publikotik bereizita ez badago.

BORONDATEZKO AUTOLIMITAZIO-NEURRIEI BURUZKOA
6. Gomendagarria al da gaueko mugikortasuna mugatzea?
Bai. Onartu berri den Dekretuak autoerantzukizunerako dei zibikoa egiten du. Gaueko mugikortasuna mugatzea eskatzen du, bereziki, COVID kasuengatik 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 150etik gora duten udalerrietan, 01:00etatik 06:00etara bitarteko ordutegian.

7. Gomendagarria al da pertsonak elkartzea mugatzea?
Bai. Onartu berri den Dekretuak autoerantzukizunerako dei zibikoa egiten du. Pertsonen taldeak mugatzea eskatzen du, bereziki, COVID kasuengatik 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 150etik gora duten udalerrietan, gehienez ere sei pertsonara, bizikideak salbu.

OSASUN-ERANTZUKIZUNEKO BETEBEHARREI BURUZKOA
8. Behartuta al nago kutsadurak arakatzen eta horien trazabilitatea egiten laguntzera?
Bai. COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 16.4 artikuluan xedatutakoaren arabera, kutsatutako pertsonak eta haiekin kontaktua izan dutenak behartuta daude kutsadurak arakatzen eta horien trazabilitatea egiten laguntzera, eta, beraz, herritarrei eskatzen zaie jarraipenaren arduradunek zuzendutako deien arretan zorroztasunez jokatzea, eta eskatutako informazio guztia ahalik eta azkarren eta egiazkotasunik handienarekin ematea.

9. Derrigor konfinatu behar al dut neure burua agerraldi epidemiko baten eraginpean egonez gero?
Bai. COVID-19aren pandemia kudeatzeko neurriei buruzko ekainaren 24ko 2/2021 Legearen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera, epidemia-agerraldiek kaltetutako pertsonek konfinatzeko betebehar pertsonala dute, eta, horren ondorioz, isolamendu betebeharrak zorrotz bete beharko dituzte, beste pertsona batzuekin lekualdatzeko edo aurrez aurre erlazionatzeko aukerarik gabe, bai eta berrogeialdiak betetzeko kutsatu izanaren susmoa duten beste pertsona edo pertsona-talde guztiei dagokienez. Horiek guztiek osasun-agintarien edo -zerbitzuen jarraibideak bete beharko dituzte, indarrean dauden protokoloen eta kasu bakoitzaren egoera zehatzaren arabera.

BILKURA, JAI EDO EKITALDIETAN PARTE HARTZEARI BURUZKOA
10. Parte har al daiteke topaketa, jai edo ekitaldietan?
Indarrean dauden prebentzio-protokoloak eta -neurriak aplikatzen ez diren pertsonen pilaketa dakartzaten bilkuretan, festetan edo ekitaldietan –ez kanpoan, ez barruan–parte ez hartzeko betebeharra ezartzen da.

11. Nola jokatu behar dut noizean behingo edo ustekabeko jende-pilaketak gertatzen diren gizarte-ekitaldi batean?
Antolatzaile zehatz, publiko edo pribatu batek kontrolatzen ez dituen pertsonen noizbehinkako edo ustekabeko pilaketak gertatzen diren ekitaldi sozialetan, zorrozki eta nahitaez bete beharko da pertsonen arteko 1,5 metroko distantziari eustea bai eta aglomerazioa gertatzen ari denean 4 metro koadroko pertsona baten gehieneko edukiera ere. Nolanahi ere, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezartzen dituen jarraibide eta gida guztiak errespetatu beharko dira, jendearen egonaldia eta asistentzia antolatzeko, transmisio birikoaren arriskua saihesteko moduan.

MERKATARITZA-, GIZARTE- ETA KULTURA-JARDUEREI ETA EDUKIEREI BURUZKOA
12. Zein da jarduera komertzial, sozial eta kultural guztiak uzteko ordutegia?
Merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztietarako gehieneko itxiera-ordutegia 01: 00ak artekoa izango da. Nolanahi ere, ordutegiei buruzko araudi arrunt aplikagarria dagoenean, ordutegi hori dagokion ordutegira egokitu ahal izango da, goizago bada ere. Irekitzeko ordutegia ohiko arauen araberakoa izango da.

13. Zein da merkataritza-, gizarte- eta kultura-jardueretan baimendutako edukiera?
Jardueretan baimendutako gehieneko edukiera ehuneko 60koa da lokal eta instalazio guztietan, muga espezifiko bat aplikatzen zaienetan izan ezik.

14. Zein da kultu-zentroetan baimendutako edukiera?
Baimendutako gehieneko edukiera ere ehuneko 60koa da.

15. Ba al dago edukiera eta ordutegi mugarik garraiorako?
Garraiobideek berariazko araudian baimendutako edukiera osatu ahal izango dute. EAEko hiru lurralde historikoetako garraio publikoak, edozein motatakoak eta eremu txikiagokoak izanik ere, gehienez 02:00etan irten beharko du.

16. Lokalen aireztapena nahitaezkoa da?
Lokal eta instalazio guztiak etengabe aireztatu beharko dira.

17. Zer edukiera muga errespetatu behar dute gizarte-, kultura- edo kirolekitaldiek?
2021eko uztailaren 26ko 00:00etatik aurrera, oro har, edozein motatako gizarte-, kultura- edo kirol-ekitalditarako esparruetan gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barnealdeetan eta 800 pertsona kanpoan. Berariaz:
– 1.600 eta 5.000 lagun arteko edukiera duten esparruetan, gehienez 800 pertsona egon daitezke barruan, eta 1.200 kanpoan.
– 5.000 lagun arteko edukiera duten esparruetan, ez da gehieneko edukieraren ehuneko 30 gaindituko. Ahal den guztietan, 1.000 pertsona baino gutxiagoko eremu independenteak ezarriko dira, sarbide eta pasabide independenteko guneekin.
– Aire zabalean egiten diren ekitaldietan, hiri-inguruneetan nahiz ingurune naturalean izan, jendea jarduera horietara joan ahal izateko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak errespetatu beharko dituzte antolatzaileek.

OSTALARITZARI ETA JATETXEEI BURUZ
18. Zer muga dituzte ostalaritzako eta sukaldaritzako establezimenduek?
Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduen barrualdeetan, edukieraren ehuneko 50eko muga ezartzen da. Gainera debekatua dago barran edo zutik kontsumitzea. Zerbitzua antolatzeko, barrualdeetan eta terrazetan, gehienez zortzi pertsona izan daitezke mahai edo mahai-talde bakoitzeko, bizikideen kasuan izan ezik. Ezin izango dira bezero gehiago elkartu zortzi lagunentzako mahaietan.

19. Zer ordutegi onartzen zaie ostalaritza eta jatetxeei?
Gainerako gizarte- edo kultura-jardueretarako erabiltzen den berbera: 01:00ak arte gehienez (ikus 12. galdera).

20. Zer baldintza bete behar dira joko- eta apustu-lokaletarako?
Joko- eta apustu-establezimenduen barruko edukiera ehuneko 50 izango da. 01:00etan itxi beharko dute gehienez. Ostalaritza- edo jatetxe-zerbitzua badute, sektore horretarako aurreikusitako baldintzak beteko dituzte.

21. Zer baldintzatan irekitzen dira txokoak eta elkarte gastronomikoak?
Arau hauek beteko dituzte:
– Edukieraren %50eko muga ezartzen da, barran edo zutik edozein kontsumo debekatzen da eta maskara nahitaez erabili behar da, ahoratzen den unean izan ezik.
– Erabiltzaileen antolaketan, mahai bakoitzeko zortzi pertsona baino gehiago ez dira egongo, bizikideen kasuan izan ezik. Ezin izango da mahaietan zortzi pertsona baino gehiago egon. Nolanahi ere, ziurtatu beharko da gutxienez 1,5 metroko distantziari eusten zaiola mahai desberdinetan eserita dauden pertsonen artean.

22. Derrigorrezkoa al da maskara erabiltzea ostalaritza- eta joko establezimenduetan edo txokoetan?
Establezimendu hauen barrualdeetan, maskara etengabe erabili beharko da, elikagaiak edo edariak hartzeko unean izan ezik. Barruko espazioetan maskara etengabe ez erabiltzeak arrisku handiko testuingurua adierazten du. Terrazetan, maskara erabiltzea gomendatzen da oraindik ere, eta nahitaezkoa da bizikide ez diren pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko distantziari eustea ezinezkoa denean.

23. Ireki al ditzakete lonjak, gazte-lokalak eta antzekoak?
Ez, itxita daude.

24. Itxita jarraitzen al du gaueko aisiak?
Itxita egongo dira diskotekak eta gaueko aisialdiko gainerako establezimenduak, Jendaurreko Ikuskizunen eta Jolas Jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuan III. eta IV. taldeetan sailkatutakoak, salbu eta beren jarduera I. eta II. taldeetarako indarrean dagoen araudiaren arabera garatzen badute eta dagokion udal-baimena badute.

25. Gehienez zenbat pertsona egon daitezke museoak, erakusketa-aretoak, natura-turismoa edo jolas- edo turismo-zentroak bisitatzen dituzten taldeetan?
Museoetan, erakusketa-aretoetan, natura-turismoan eta aisialdi- eta turismo zentroetan, barrualdean egiten diren bisitetan, taldeak gehienez ere 10 pertsonakoak izango dira. Kanpoan egiten badira, ez dago mugarik. Eskola-talde egonkorrak gida bakarrarekin joan ahal izango dira museoetara.

26. Zenbat pertsonek har dezakete parte euskaltegietan, akademietan, autoeskoletan, eskoletan eta arautu gabeko prestakuntza-zentroetan egiten diren jardueretan?
Euskaltegietan, akademietan, autoeskoletan, eskoletan eta arautu gabeko prestakuntza-zentro publiko zein pribatuetan egiten diren jarduerak gehienez 25 laguneko taldeetan eman ahal izango dira.

27. Zer baldintzatan garatu behar dira haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza aisialdiko jarduerak?
Aisialdiko jarduerak antolatzen dituzten erakundeek COVIDen aurkako protokolo bat izan beharko dute prebentzio-neurri guztiak benetan betetzen direla bermatzeko, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideei jarraikiz.

28. Zenbat pertsona izan daitezke taldeak barruko instalazioetan kirola egitean?
Barruko instalazioetako kirol-jarduera 10 pertsona arteko taldeetan egituratu ahal izango da.

29. Derrigorrezkoa al da maskara erabiltzea kiroldegietan, gimnasioetan eta barruko esparruetan?
Bai.

30. Non aurkitu dezaket informazio gehiago?
Jarduera desberdinetarako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo esteka honetara: https://www.euskadi.eus/covid-19-koronabirus-berriaren-protokoloak/web01- a2korona/eu/ •Bizi Berri IV Plana kontsultatu nahi izanez gero, jo esteka honetara: https://bideoak2.euskadi.eus/2021/07/07/news_70474/Bizi_Berri_IV_eus.pdf

Eusko Jaurlaritzaren dokumentua osorik hemen: "Ohiko galderen erantzunak"