Arbonako okupazioa babesteko deia

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 3a, 08:26
Irudia: Kazeta.eus

Lurren defentsan, lurrak nekazarientzat izan daitezen defendatzeko bi hilabete igaro dira Lapurdiko Arbonan okupazioari ekin ziotenetik. Babes zabala jaso dute denbora tarte honetan. Atxikimendua adierazteko deia egin digu NOAUA! bidez herritar batek.

"Egun 1, herri 1" dinamika abiarazi dute Lapurdiko Arbonan. Duela hilabete gutxi bertako Berroeta bideko lurrak okupatu zituzten ELB-k eta Lurzaindiak, bertako lurren defentsan, "laborarientzat izan daitezen, lurrak merkantzia hutsa baino gehiago hazkurri emaile izatea lehentasuna izan dadin eta espekulaziotik babestua izan dadin". 

Bi hilabeteotan hamaika ekimen bideratu dituzte; bilkurak, eztabaidak, mobilizazioak, tailerrak... Babes zabala jaso dute. "Arbonako lur okupazioa mugimendu herrikoi zabal baten sinboloan bilakatu da", Lurzaindiaren esanetan. Abiatu berri dugun hilabete honi begira, aipatu moduan, "Egun 1, herri 1" dinamikari ekin diote, Ipar Euskal Herriko herri edo eskualde bakoitzak bertara joan eta atxikimendua adierazi diezaion, baina edonor noiznahi joan daiteke hara.

Okupazioaren sustatzaileek salatu dutenez, Arbonakoa ez da "kasu isolatua, Iparraldeak egoera berdintsuak bizi ditu txoko guztietan. Ekintza hau denen afera denez, biztanle guztien parte hartzea beharrezkoa da". Horregatik, "Iparralde eta Hegoaldeko herriei parte hartzeko dei zabala luzatzen diegu", adierazi dute.

NOAUA! bidez, herritar batek ere kanpaina honekin bat egitera animatzen gaitu. "Gu ere lurraren defentsan gaudela aldarrikatzeko, aukera aproposa iruditzen zait bertara hurbildu eta gure elkartasuna adierazteko". Hemen hedabide honetara helarazi duen idatzia osorik:


Lurraren defentsan
Dagoeneko entzungo zenuten Lapurdin kokatuta dagoen Arbona herrian, lur eremu baten okupazioa egin dutela. Arbonako plazatik bi kilometrora dagoen 15 hektareako lur sail bat eta bertan dagoen etxebizitza bat 3.200.000 euroren truke saltzekotan dira, orain arte laborantzarako lurrak izan direnak. Parisen bizi den emakume aberats batek erosi nahi du lur saila eta hau ekiditze aldera, ekainaren 21etik aurrera ELB sindikatuko eta Lurzaindia elkarteko kideek lur eremua okupatu zuten, hau guztia salatu eta erantzun herritar bat emateko. Orduz geroztik, jende andana pasatu da elkartasuna eta atxikimendua adieraztera okupatutako eremura. Iraila guztian zehar, egunen banaketa bat egin dute eta egunero Ipar Euskal Herriko beste herri bat izango dute bide lagun “Egun bat, Herri bat” dinamikaren bidez. Egutegia edo informazio gehiago nahi baduzu, Lurzaindiako web orrian aurkitu dezakezu. Gu ere lurraren defentsan gaudela aldarrikatzeko, aukera aproposa iruditzen zait bertara hurbildu eta gure elkartasuna adierazteko.