Abisu horian beroaldiagatik

Noaua Aldizkaria 2021eko irailaren 6a

32 gradura arte igo daiteke tenperatura datozen orduotan. Abisu horian izango gara datozen bi egunotan.

Uda amaitzear garela, giro beroena. "Tenperatura altu iraunkorragatik" abisu horian izango gara aste hasiera honetan, irailaren 6an eta 7an, astelehen eta asteartean hurrenez hurren. "Tenperatura minimo/maximoak kostaldean 20/31 ºC ingurukoak eta Kantauri barnealdean 19/36 ºC ingurukoak izan daitezke", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak.

Usurbilen, tenperatura 32 gradura arte igotzea espero da astelehen arratsalde parte honetan. "Zerua hodei gutxirekin egongo da, erdi mailako hodeien eta goi-hodeien tarteekin, batez ere egunaren bigarren partean. Hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da. Eguerditik aurrera ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira eta maximoetan gutxi edo nahikoa igoko dira", dio Euskalmet-en iragarpenak.

Asteartean, 31 gradu izan ditzakegu, arratsalde partean. "Zerua partez hodeitua egongo da, erdi mailako hodei eta goi-hodeiekin. Egunaren bigarren partean baliteke han-hemenka zaparrada txikiren bat botatzea. Hego-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogor batzuekin. Arratsaldean indarra galduko du eta mendebal-osagaitik finka daiteke. Tenperatura minimoak gutxi igoko dira eta maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Asteazkenerako, irailaren 8rako aldaketa espero da, nabarmen freskatuko du. "Zerua tarteka hodeitsu egongo da. Zaparrada txikiak botako ditu, zenbait lekutan ertainak, probabilitate handiagoarekin egunaren bigarren partean. Hego-osagaiko haize ahul-bizia ibiliko da, goizean ipar-osagaira egingo du eta ahul-bizi ibiliko da. Tenperatura minimoak nahikoa jaitsiko dira. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus