Zumarte eta Sutegi ohiko jardunean gaurtik

Noaua Aldizkaria 2021ko ira. 6a, 08:26

Udako oporraldia amaituta, ikasturte berriari ekingo dio gaur Zumarte Musika Eskolak. Sutegi udal liburutegia ohiko ordutegian zabalduko dute astelehen honetatik aurrera.

Astelehen honetan, irailaren 6an abiaraziko du ikasturte berria Zumarte Musika Eskolak. Klase eta entsegu saioei berrekingo die, asteburu hau igaro ostean. "Ez ahaztu! Irailaren 6an astelehena, hasten gara!", ohartarazi dute zumarte.eus bidez. Dagoeneko lanera itzuliak dira musika eskolan. "Dagoeneneko lanean hasita gara, kurtso berria antolatzeko bilerak egin, aldaketa batzuekin lanean jarri… eta irailak 6ean 2021-2022 ikasturteari hasiera emango diogu!", iragarri dute.

Klaseen ordutegiei lotutako pare bat ohar plazaratu ditu Zumartek; "Musika txokoa, musika mintzaira eta Abesbatzetako ordutegiak ikusteko, hemen klikatu eta gogoratu, instrumentuko ordutegiak ikasleekin batera behin-behineko ordutegiak bilera bidez adostutakoak izan direla".

Sutegi, ohiko ordutegian
Sutegi udal liburutegia ia guztiz ohikoa duen ordutegira itzuliko da astelehen honetan. Liburutegiak hain zuzen, goiz eta arratsaldeko jarduna berreskuratuko du datorren astelehenean, irailaren 6an; goizez 10:00-13:00 artean eta arratsaldez, 16:00-19:30 artean irekiko dute. Larunbatetan urritik aurrera zabalduko dute, 10:00-13:00 artean.

Ikastolara itzulera
Amaitzear dute oporraldia, abiatzear 2021-22 ikasturte berria. Jada langileak itzuli dira, ikasleen zain dagoeneko. Astelehen honetan, irailaren 6tik aurrera abiatuko da ikasturte berria hezkuntza gune ezberdinetan. Aginagako eta Zubietako Eskolei aurre hartuz, Udarregi Ikastolako DBH-ko ikasleak izango dira itzultzen lehenak. Astelehen goizeko 11:00etarako finkatu diete aurkezpen saioa. Asteartean, irailaren 7an HH eta LH-koen txanda; 9:00etan bueltatuko dira ikastolara.